Itxialdian dira Udarregi ikastolako langileak

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 26a

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak betearaztea eskatzeko itxialdia hasi dute asteazken arratsalde honetan, azaroaren 26an, Udarregi ikastolako langileek.

Ezohiko lanegun amaiera izaten ari dira Udarregi ikastolako langileak. Egunerokoa eten dute asteazken arratsalde honetan, azaroaren 26an, ikasleak ikastolatik joan diren unean. Izan ere, protestaldia hasi dute lan-hitzarmen duina exijitzeko; zehazkiago esanda, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jasotako konpromisoak betearaztea galdegiteko. Bistan denez, ez dituelako bete.

Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan itxialdiak egiten ari dira gaur; tartean, aipatu moduan, Usurbilgo Udarregin. Klaseak amaitu ostean, eskuorriak banatu eta kotxe-karabanan herri erdigunea zeharkatu dute langileok lehenik eta gero, Agerialdeko eraikin atarian elkartu dira albiste honi atxikitako talde argazkia ateratzeko. "Akordio laborala bete" dioen Hezkuntza Sailari zuzenduriko pankartaren bueltan bildu dira hain zuzen.


LAB sindikatuko langileen ordezkaritzatik azaldu dutenez, "akordioa ez betetzeak eragin zuzena du langileen lan-baldintzetan, izan ere Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio langile batzuen soldata parekatzeari, sinatutako akordioan parekatzea langile guztientzat izango zela adostu zuen arren".

Horregatik, ikastoletako langileen itxialdiok helburu bikoitza dute. "Hezkuntza Sailak langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa egin dezan eskatzea, adostu zuen bezala".

Lan-baldintzei estuki lotua dagoela gogorarazi du aipatu sindikatuak, hezkuntza duina eskaini ahal izatea. Horregatik abiarazi dute protestaldia. "Herri honek behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan jarraitu nahi dugu, eta zuen seme-alabei eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzen. Hori, langileen lan baldintzekin lotuta dago ezinbestean".

Hezkuntza Sailak Akordio Laboralean jasotako konpromisoak bete arte borrokatuko direla iragarri dute. "Ikastoletako langileok borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte! Ez dugu borrokan etsiko, oraingoan itxialdian eta aurrerantzean ere beste ekintza batzuk burutuz. Jo eta ke dagokiguna lortu arte!".