37. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatu dituzte, asteazken iluntze honetan, azaroaren 26an, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Aurrez iragarria zegoen moduan, ohorezko mugarria jaso zuen Jakoba Errekondo Satsamendi usurbildarrak. Xabier Lakak sari horretarako sorturiko eskultura jaso zuen Mikel Arregiren eskutik.
"Gu gurera"
"Karga handia du sariak, pisatu al duzue?" esanez hasi zuen omenduak hitza hartzeko izan zuen tartea. Eskerrak luzatu zituen, nahiz aitortu zuenez, "ez dut gustuko gaurko mundu hau eta irauli nahi dut, irauli nahi dugu. Ikusi denez, lurra laiatu, jenio onarekin eta umorearekin ongarritu, edertasuna erein, elkarlana landatu, jakintza birlandatu, herrigintza jorratu eta bizipoza txertatu". Guztia, xede batekin; "maitasunaren uzta jasotzeko".
Mundu hau jasotze horri begirako "sekta" bat garela adierazi zuen. Bere ibilbidearen errepasoaren abiapuntu izan ziren hitzok. "Berrogeitaka urte hauetan milaka lurzale eta euskaltzale elkartu gara, eta duela hamar urte izena eman genion, bi hitz sinpleko izena, baratzea eta bizi, bizi baratzea eta gure lema armatu, eman eta hartu. Eman eta hartzen dugu jakintza eta jantzi egiten gara kulturaz", azpimarratu zuenez, "denon jakintza osatuz. Hori dena leialtasunetik, gogokidetasunetik, eta maitasunetik".
Horretan ari dira, "bizi baratzeako lurralde sare zabalean ari garen milaka lagunok, txitxare moduan ari gara ezkutuan, lurpean lurra aberasten eta nonahi ari gara gure lanaz, emanaz hitz egiten". Horregatik, "gu gurera" aldarrikatu zuen, gu gu egiten gaituen erara".
Rikardo Arregiri gorazarre
Egun, "gure lurra, gure kulturaren lurra, eta gure hizkuntza, gure kulturaren hizkuntza, horiei helduta gaur egun autista sentitzen naiz ilargiari begira", aitortu zuen. Oroitarazi zuenez, "lurra etxetik datorkit, hizkuntza bezala". Aldiz, "gure garaian gazteleraz ikasi genuen eta Joxepa eta Benitoren alabak, gure ama Garbiñek eta Joxepa eta Dionisioren seme gure aita Jexux Mari zenak garaiko lehen gau eskolara bidali gintuzten; hain zuzen, gaurko sariak gorazarre egiten dion Rikardo Arregik sustatutako alfabetatze gau askolara Usurbilen".
Oso hunkituta, ia hitz egin ezinik tarteren batean, gogora ekarri zuenez, "han joaten ginen 10 bat urteko ume mokoak emakume eta gizaseme handien artera, ilargia h-rekin idazten zela ikasi eta desikastera. Alfabetatzearen kumea naiz, eskerrik asko Rikardo".
60. urtemugaren atarian
Arregiren eta udalerri honen, Usurbilen arteko hartuemanaz eta ate joka dugun urteurren berezi batez aritu zen segidan. "Rikardok harreman handia du Usurbilekin. Hemendik ideia bat eman nahi diet datorren urteko sari hau antolatzen dutenei. Datorren urtean beteko dira 60 urte Rikardo Arregik Usurbilen, nire ustez euskararen inguruan dagoen hitzaldirik onena" eskaini zuenetik.
Zehaztu zuenez, "Usurbilgo Udarregi bertsolariari Remigio Mendiburuk egindako eskultura inauguratzeko egin zen egunean, bazkalostean eman zuen diskurtsoa". Egun haren 60. urtemuga beteko da hurrengo maiatzaren 22an, Errekondok gogorarazi zuenez.
Hiru hitzekin amaitu nahi izan zuen bere adierazpenen tartea. "Bat; ekin eta aurrera, ez itxaron. Saiatu, ezin zenaz behintzat ez damutzeko. Bi; elkarrekin elkarbanatuz denon onerako, bakarkakoa bidezidor estua da. Bakarkako bidezidorra motza da. Eta hiru; benetakoa izan eta jator aritu. Besteek diotena ez izan. Zure tonua, zure erritmoa eta zure hautua".
Andoaingo Bastero Kulturguneko ekitaldira joandakoak eserlekutik altxarazi eta haiei eskaini nahi izan zien jaso berri zuen saria. "Zuengatik denongatik hemen nago oholtza honetan. Zuena denona da gaurko mugarri hau".
