Rikardo Arregi kazetaritza sariak

Bidelagunen gorazarrea jaso du Jakoba Errekondok, Rikardo Arregi sarien banaketan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 27a

Ohorezko mugarria jaso du Jakoba Errekondo Saltsamendi usurbildarrak bart, Andoaingo Bastero Kulturgunean eginiko ekitaldian.Saria jaso aurretik

Saria jaso aurretik, usurbildarrak urte hauetan guztietan bidelagun izandako hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten hitza, ekitaldian bertan proiektaturiko bideo bidez. Adierazpen horiek guztiak albiste honi atxikitako EITB-ren bideoan dituzue.

"Eskola magistralak"
Tartean zen, sortzez usurbildarra den Antton Olariaga marrazkilari eta ilustratzailea. Urte askotan, elkarrekin plazaratu dute "landareak lantzen" urteroko gida-liburua. Egitasmoaren sorburuaz aritu zen. "Argia aldizkaria zitaleku; bere eskaintza, urteko agenda bat egiteko gonbita baratza kontuekin. Kalekumea naiz. Gero esan nuen ze gauza handia den, gauza ezezagunak pixka bat ezagutzen saiatzea", gogorarazi zuen Olariagak. Baiezkoa eman zion Errekondori. "Bere irakurketa egingo dut, nire marrazki proposamena egin. Egurra eman eta nik ere bueltan egurra emango diat. Dialektika horretan lan egitea gozamen handia da", nabarmendu du.

Hortik aurrera urte luzez aritu dira lankidetzan. "Jakobak puntuak jartzen zizkidan eta nik horrekin lan egin behar. Niretzat zoragarria da sorkuntzaren motorra, ganbara martxan jarri behar eta errotari eman eta eman. Gero berari bidali, prestatu, berak kontrastatu, elkarren irakurketaz gozatzen", aritu direla oroitarazi du Olariagak. Jakobaren aldetik jasotako euskarazko "eskola magistralak" goraipatu zituen. Eskertza mezua helarazi nahi izan dio omenduari. "Oso eskuzabala haiz, asko ikasi diat hirekin, hire eskola magistral horiek guztiak ahaztezinak dituk".

"Mugarria beti han bere tokian, horixe da Jakoba Errekondo"
Urteak darama baita Jakoba Errekondok larunbat goizetan, Euskadi Irratiko Landaberri saioan hitza hartzen. 2014az geroztik Arantxa Artza ari da aurkezle lanetan. "Ikasi dut Jakobarekin, pazientzia handia behar dela naturako gauzetan. Lasai hartu behar direla gauzak, ez ditugula guk moldatu behar geure modura, utzi behar zaiela joaten beren erara. Ezin dela dena geure moduratu, landareek eta baratzek eta gainerakoek haien bidean jarraitzen dutela eta haiek ere gu bezala bakoitzak bere amaren semeak dira", zioen Artzak Basteroko ekitaldirako eginiko grabazioan.

Errekondoren lan egiteko modua goraipatu zuen. "Gauzak oso ondo egitea gustatzen zaio. Entzuleek egiten dituzten galderak eta aurrez jasotzea gustatzen zaio, ondo aztertzea erantzun baino lehen, zer eta nola landu dezakegun programan. Asko aportatzen dio programari berari". Nabarmentzekoa iruditzen zaio baita, "bizi ditugun garai hauetan, lurrari garrantzia hori ematea, lurrari zaintzeari, baratzari, naturari, horri indarra ematea norbaitek hainbeste urteetan, iruditzen zait ondo dagoela".

Hamaika bizipen izan ditu Artzak usurbildarrarekin. Haietako bat ekarri zuen gogora sari banaketa ekitaldian; etxeko landarea gaixo zuen irratiko entzule bati usurbildarrak erantzundakoa. "Landarea gaixo egongo zela, baina hor gortinek fallo egiten zutela, oso itsusiak zirela salan". Usurbildarra jasotzear zen ohorezko mugarria hizpide hartu zuen usurbildarrari gorazarre egiteko. "Mugarria zuk badakizu nik bezain ondo Euskal Herrian ze garrantzitsua den. Xextra asko sortzen dira mugarriaren inguruan baina mugarria beti han bere tokian, horixe da Jakoba Errekondo. Zorionak sariagatik eta bi muxu" eskaini zizkion Artzak.

"Ireki zigun bide oso bat"
Argian lankide duen Estitxu Eizagirrek hedabidearen beraren bidez izan zuen Jakobaren lanketa ezagutzeko aukera, usurbildarraren asteroko artikuluen bidez. "Behin proposatu genion baratzeari buruzko liburuxka txiki bat lau azalpenekin ematea. Bera etorri zen baratzari buruzko entziklopediarekin. Horrek ireki zigun bide oso bat", oroitu zuen. Errekondoren lan egiteko modua nabarmendu zuen. "Dena dago lotuta berak egindako lanetan eta hori aberastasun handia da. Niri edozein lanek ikuspegi bat irekitzen didate, lotzen ez nituen munduak, ideiak, ezagutzak lotzen dituelako". Gogoan du Durangoko Azokara estreinakoz bere lana eraman zutenekoa. "Azokan lehen urtean bere liburua ateratakoan, 10.000 letxuga eraman genituen berak eskatuta. Geroztik, azoka beste zerbait da".

Jakobarekin izandako hartuemana ere ahotan hartu nahi izan zuen Eizagirrek. "Haserreak ikaragarriak, baina nik asko estimatzen dut harreman hori. Jakitea haserreen gainean, azpitik, ondoren segitzen dugula proiektu bera partekatzen, estimu handia diogula elkarri eta harremana ez duela horrek ahultzen. Proiektuak aurrera ateratzeko haserreak behar dira, horrek esan nahi du bakoitzak berea dena jartzen ari dela eta bere ikuspegia argudiatzen duela eta eutsi nahi diola zentzu bat ikusten diolako eta inplikazio hori dena beharrezkoa da".

Eskerrak helaraztearekin batera, usurbildarrak adineko jendearekin izandako hartuemana ere goraipatu nahi izan zuen Eizagirrek. "Haiek ere ulertzeko moduko hitzetan, haiekin zuzenean komunikatuz, haien ezagutza balorean jarriz, errespetu handiz jende horrekiko eta gai horri, pertsona horiei espazioa ematen hedabideetan astero" aritu dela Errekondo urteotan.

"Eskerrik asko gure buruan sinesten lagundu diguzulako"
Onintza Enbeitak ere hartu zuen hitza ikus-entzunezko lan berean. Agroekologian eginiko graduondokoan irakasle izan zuen Jakoba, paisajismoari buruzko modulu batean. "Berak sinesten badu, ikusten badu norbaitek, agroekologian, nekazaritzan baduela berak partekatzen duen ikuspegi hori tresnak ematen ditu lan egiteko. Oso eskertua nago horrekin, jakin du ikusten eta bide bat ematen zuk bide hori oinez egin dezazun. Eta uste dut oso maisu gutxik dakitela egiten".

Usurbildarrak eginiko ekarpena nabarmendu zuen Enbeitak. "Jakobari esker konturatu gara, baserrietan askotan egon den joera dakizuna gordetzekoa. Sekretu asko hil-kutxetara joan dira. Jakobak erakutsi diguna da jakinduria zabaldu egin behar dela, denontzako dena ona, dakiguna partekatzea". Partekatzeko usurbildarraren modua ere ahotan hartu zuen Enbeitak. "Jakobari gustatzen zaizkion gauzei buruz hitz egiten entzutea denok dakigu ederra dela, baina niri bereziki gustatzen zait gustatzen ez zaizkion gauzekin nola mozten dituen, zer aurpegi jartzen dituen, zer erantzun ematen dituen".

Eskertza mezu batekin borobildu zituen bere adierazpenak. "Sariak beti dira zoriontzekoak. Agian, zu egongo zara marmarrean. Eskerrik asko gure buruan sinesten lagundu diguzulako eta gure jakintza garrantzisuena dela ikasi dugulako zurekin".

"Irabazita du saria, zerbaitegatik emango diote"
Hitza hartu zutenen artean zen baita, Jakobaren bidelagun berezi bat; gainerako senideekin Basteron bertan zen Garbiñe Saltsamendi bere ama. "Amonaren atzetik ibiltzen zen. Hurrengo egunerako biltzen zuen baratzan berdurak Donostiara eramateko". Prestaketa lanetan laguntzen zuela oroitu zuen. Semeak jasotako sariari buruz zioen, "irabazita du saria, zerbaitegatik emango diote".