Rikardo Arregi kazetaritza sariak

"Jakoba Errekondok hondar urteotan baratza ezarri du gure bizitzen erdigunean"

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 27a

Jakoba Errekondok bart Andoaingo Bastero kulturgunean jasotako ohorezko mugarria saria zortzi kide ezagunez osaturiko epaimahaiak erabaki du. Lerrootan duzuen epaimahi horren deliberazioa, baita gainerako sarituen berri ere.

Zortzi adituez osaturiko epaimahaiak erabaki du ohorezko mugarria saria ematea Jakoba Errekondori. Izan ere, Marta Lasa Goñi Andoaingo udal zinegotziak, Pantxika Maitia kazetariak, Eneko Bidegain Aire idazleak, Itxaro Borda idazleak, Miren Berasategi Zeberio irakasleak, Angel Erro Jimenez idazle eta itzultzaileak, Libe Mimenza Castillo kazetariak eta Arantxa Aguado Perugorria Andoaingo udaletxeko euskara teknikariak osaturiko taldeak erabaki ditu sariok nortzuei eman. Maitia izan da bart, Bastero Kulturguneko ekitaldian jakinarazi duena Errekondori saria emateko epaimahaiaren balorazioaren berri eman duena. Honela zioen:

"Jakoba Errekondok hondar urteotan baratza ezarri du gure bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan. Agronomoa eta paisaia antolatzailea da, 64 urteko usurbildar hau. Bera ere laborantzan ari da Aginagako bidean dagoen bere Aranburu izeneko baserrian. Euskadi Irratian hasi zen baratza aipatzen, Argia astekarian gero, hor duela bere baratze-zain artea gehien garatu. Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen du. 

Hainbat argitalpen ere baditu plazan, hala nola, Olarriaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda, Bizi baratza izeneko liburuak, eta azken hilabeteotan, Argiarekin batera datorkigun lau orrialde plegatuekiko berri-papera. Besteak beste. Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabiltzen ditu, zuzeneko topaketak EH honen zazpi izkinetan, bai eta sare sozialak, poddcastak, Youtube edo Instagram hariak adibidez. 

Jakoba Errekondorentzat baratza da gelditzen zaigun” “iraultza-toki” bakarra. Beharbada arrazoia du, Voltaire minberak zioenaren bidetik : “Norberak bere baratza landu behar du”.

Beste bi sariak, Ipar Euskal Herrira
Jakoba Errekondo sarituko zutela jakina zen aldez aurretik; ez ordea, gorazarrea jasoko zuten gainerakoak nortzuk izango ziren. Zortzi ziren finalistak. Komunikazio Saria jasotzeko hautagaien artean ziren, Ipar Euskal Herriko on.eus ataria, GUKA Euskaltzaleen Mugimenduaren "Erdalduntze makina" kanpaina, Ulu media ekoiztetxearen Ulua hedabide digitala eta Elhuyarrek osasun mentala hizpide duen "Zurrunbilo" izeneko proiektua.

Kazetaritza saria jasotzeko hautagaien artean ziren, aldiz, Boiseko jaialdiaz eginiko jarraipen estuagatik Berria egunkariko kazetari Nagore Arin, Baleuko ekoiztetxeak Euskal Telebistarentzat ekoitzitako "Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea" saioa, Argia hedabideko Jenofa Berhokoirigoien garaztar kazetaria artzaintzaz eginiko erreportaje multi-ahostunagatik eta Goiena Komunikazio Taldea "Datuetatik tiraka" saioagatik.

Ipar Euskal Herrira heldu dira sariok azkenean. Bertako on.eus ataria eta Argia hedabideko Jenofa Berhokoirigoien garaztar kazetaria artzaintzaz eginiko erreportaje multi-ahostunagatik.