Urte amaiera gertu dugun honetan, 2026ko erronkei heltzen hasteko garaia da. Halaxe egin du udalbatzak ere, ohi baino egun bat lehenago, azaroko azken asteazken honetan eginiko osoko bilkuran. Izan ere, datorren urteko udal aurrekontuak onartu dituzte gehiengo osoz EHBilduren eta PSE-ren aldeko botoekin. EAJ-k aurka bozkatu zuen.
14.348.103,59 euroko aurrekontua da hasieraz onartu dutena, dirutsuenak izan ziren iazko 15 milioi eurotik gorako udal aurrekontuak baino zertxobait murritzagoak, udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez, "sarrera arruntak inoizko altuenak izan arren".
Horrekin batera, 2022an hurrengo hiru urterako onarturiko Usurbilgo Udaleko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa ere beste hiru urtez berritzea ere aho batez onartu zuen udalbatzak atzoko saioan, 2026ra begirako eranskinekin batera.
Erabaki atzeratzera
Diru kontu gehiago ere ahotan hartu zituzten; hala nola, 2026ko ordenantza fiskalak. Behin betiko onartu asmo zituzten, baina azken orduan ez zuten hala egin. Gogoan izan, urrian hasieraz onartu zituzten. Gerora, izandako alegazio epealdian bi erreklamazio egin dira, azkena duela bi egun. Azken ekarpen hori aztertu eta erantzuteko tartea hartzeko, puntu hau bertan behera uztea erabaki zuen udalbatzak. Urtarrilaren 1ean indarrean egon behar dutenez, hurrengo astean ezohiko osoko bilkura deitzekoak dira, ordenantza fiskal horiei lotutako erreklamazioak erantzun eta behin betiko onarpena emateko.
Ez zen izan, azken orduko aldaketa bakarra. Izan ere, udalbatzaren atzoko osoko bilkuran haur eskolako langileen idatzi baten irakurketari lekua egitekoak zirela iragarria zuten. Izatez, jorratu beharreko hamabigarren puntua zena hirugarrenera aurreratu zuten. Langileek haiek hartu zuten hitza saio horretan, "gure lan-egoeraren ezegonkortasuna, eta etorkizunaren inguruko kezka" udal ordezkarien aurrean jartzea xede zuen idatziaren harira.
Gai gehiago ere ahotan hartu zituzten. Diru kontuak hein hendi batean; 2025eko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa edota 2026ko Plantila Organikoa hasieraz onartzea. Kontrol Iraunkorreko Fiskalizazio Laburpen Txostenari eta Ekintza Planari lotutako informazioa ere eskaini zuten.
Horrekin batera, udazken hasieran Usurbilgo bake epailea hautatzeko deialdia egin ostean, hurrengo urteotan zeregin horretan arituko den langilea ere hautatu zuten atzoko saioan. Udal langileei dagokioenean, haiek telelana egiteko araudia ere hasieraz onartu zuten.
Eta, nola ez, ate joka dugun abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunari lotutako adierazpena ere onartu zuen udalbatzak.
Saioa osorik zuzenean eskaini zuen Udalak, Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Albiste honi atxikia duzue bideo hori. Atzoko saioak emandakoaren berri zehatzago eskainiko dizuegu hurrengo egunotan.
Bozketen emaitzak
5.- 2026-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2026ko eranskinak onartzea (2025EKON0016).
Bozketa: aho batez onartua.
6.- 2026ko Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea (2025EKAU0001).
Bozketa: alde EHBildu eta PSE. EAJ kontra.
7.- Udaleko langileek telelana egiteko erregelamendua hasieraz onartzea (2025UDOR0006).
Bozketa: aho batez.
8.- 2025eko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa onartzea (2024FAZE0002).
Bozketa: aho batez.
9.- 2026ko Plantila Organikoa hasieraz onartzea (2025FAZE0001).
Bozketa: aho batez.
10.- Bake epailearen hautaketa prozesua: hautagaia izateko proposamena onartzea (2025IPED0001).
Bozketa: aho batez.
11.- Adierazpena: Euskararen Nazioarteko Eguna (2025IMOZ0010).
Bozketa: aho batez.