Larunbatean, azaroaren 22an izan zen Santa Zezili eguna, musikariena dena. Geroago, ostegun honetan, azaroaren 27an ospatu du egun hura Zumarte Musika Eskolak "Musikalean" ekimenaren bidez. Iluntzeko 18:00etan Kale Nagusiko haien egoitza paretik irten da musika instrumentu ezberdinez osaturiko talde handia herri erdiguneko kaleetan barrena. Izan ere, triki-pandero, haizezko eta perkusio ikasleek parte hartu dute hitzordu ibiltari horretan.
Askatasuna plaza, Artzabal eta frontoia izan ditu geltoki, hiru eremuok lotu dituen kalejirak. Haien atzetik eta haien bueltan bildu dira hainbat herrikide ere.
Albiste honi atxikitako irudiotan ikus dezakezuen moduan, Musikalean ekimenarekin bat egin du Zumartek. Euskal Herri mailako urteroko hitzordua izaten da Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatu ohi duena. Aurtengoa, hamazazpigarren edizioa izan da. 50 bat dantza eta musika eskolak antzeko ekimenak bideratzen ari dira egunotan.