Musikalean

Sutegin eskainitako kontzertuarekin, urte amaierara begira Zumarte

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 27a

Sutegin eskainitako kontzertuarekin borobildu du Zumarte Musika Eskolak ostegun honetan ospaturiko Musikalean ekimena. Ez da izango, ordea, urtea agurtu aurretik eskainiko duten emanaldi bakarra.

Azaroaren 22ko Musikarien Eguna hitzordu bikoitzarekin ospatu du ostegun honetan, azaroaren 27an, Zumarte Musika Eskolak. Lehenbizi, hainbat musika instrumentu jotzen dituzten taldeekin herrian barrena kalejiran irten dira. Segidan, iluntzeko 19:00etan hasita kontzertua eskaini dute Sutegiko auditorioan. Flauta taldetxoak, biolin taldeak, kantu eskolako ikasleek, gitarra taldeak, talde instrumentalak eta triki-pandero taldeak parte hartu dute.

Kalejiran argi erakutsi duten moduan, gauza bera egin dute goraino bete duten kultur-etxeko auditorioan ere. Musika sortu, instrumentuak jo nahiz abesteko duten trebetasun nabarmena agerikoa izan da emanaldi hasieratik, Palestina gogoan hartu duten amaieraraino.

Emanaldi horrekin borobildu du Zumarte Musika Eskolak ostegun honetako, azaroaren 27ko Musikalean ekimena. Gaurkoa ez da, ordea, aurtengoari dagokionean, eskainiko duten azken emanaldia izango.

Izan ere, urte amaierara begira ere ekintza gehiago antolatu dituzte. Haietako bi aurreratu dituzte jada. Euskararen Egunean Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoekin ekitaldia izango dute frontoian. Bestalde, gabon giroko hitzorduetako bat ere finkatu dute; abenduaren 17rako iragarri dute abesbatzen kontzertua. Lerrootan dituzue xehetasunak:

Zumarte Musika Eskolakoen deialdiak
Abenduak 3, asteazkena: Euskararen Eguna
18:00 Kantuz eta musikaz giroturiko saioa frontoian.
Antolatzaileak: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea eta Zumarte Musika Eskola.

Abenduak 17, asteazkena
18:00 Zumarteko abesbatzen kontzertua Salbatore elizan.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.