Plaza gozatzera datoz 24. aldiz, nahiz sektoreak ez duen bizi tankera bereko garai emankorrena. Mende laur-dena betetzear duen Erle Egunaz ari gara. Azaroaren 30ean ospatuko da Usurbilen, ohiko txapelketa, postu eta gainerako osagaiekin. Azken urteon ildotik, gainera, bezperara hedatuko dute jaialdia, "Argizaiola" izeneko liburu aurkezpenarekin. Fernando Hualde historialariak, Joseba Urretavizcaya argazkilariak eta Xabier Kerexeta etnografoak osaturiko argitalpenak "euskal etnografiaren objektu enblematikoa" du hizpide, zenbat mota dauden Euskal Herrian nahiz Pirinioen aldean. Argia egiteko garai bateko beharrezko objektuoz arituko dira egileak, euskarriok, besteak beste, presentzia izandako Salbatore elizan eskainiko duten solasaldian.
Urte txarra
Biharamuneko Erle Egunean ere, argizaiola nola egiten den ikusi eta ikasteko aukera izango dugula aurreratu dute Erle Lagunak taldetik. Beste kontu bat da, azoka nola datorren aurten, sektoreak ez baitu bizi unerik gozoena. "Ezti ekoizpen aldetik oso gaizki ibili izan gara", urterik okerrentzat jo du Julian Urkiolak. Ondorioz, "ez dakigu zenbat ezti egongo den aurkeztu ahal izateko". Halere, Euskal Herri mailako lehiaketa egingo da, "zenbat lehiakide aurkeztuko diren" ez dakiten arren. Izan ere, iaztik hona, erlezainen kopurua, eztia ateratzera joandakoak nabarmen murriztu dira eta honenbestez, ezti ekoizpena ere ildo beretik asko gutxitu da. "Erlezainon egoera oso kaxkarra da. Erre-leborik ez dator", ohartarazi du Erle Lagunak taldeko kide Urkiolak eta gaineratu duenez, "gu geratzen gara, adinean aurrera goazenok eusten diogu neurri handi batean. Gu desagertzean ez dakit zer gertatuko den". Kezka agertu du etorkizunarekiko. Lege edo araudi aldaketa ezinbestekotzat jo du erlezain herrikideak. Sektorea bizirauteko erlezainak edota erlauntza kopuruaren araberako dirulaguntzak bultzatu beharrean, tokiko ekoizpen lana bera eta hortik eratorritako produktuak balorean jartzea beharrezkoa dela iruditzen zaio Urkiolari, tokikoa eta kalitatea bermatzea, Erle Egunak urtero Usurbilen plazaratu ohi duen bezalaxe.
Erlea babestu beharra
Halere, benetan babestu beharreko inor bada, hori bertako erlea bera da. Izan ere, mehatxu ezagunak ditu, urte luzeotako liztor asiarra batetik, baina Urkiolak seinalatu du akaro zehatz bat; "varroa", hau ere ere erleentzat ezaguna inguruotan 80. hamarkadaz geroztik, baina "orain mutazio bat atera da, erresistentzia handiagokoa" eta kaltetzen ari da lerrootako protagonista. Asko dago jokoan, Urkiolaren esanetan, erlearen biziraupenarekin. "Naturan duen garrantzia" nabarmendu digu usurbildarrak. Polinizazioaren zati handi bat bere gain dago.
Bere biziraupena gureari ere lotua bada, "erlearen katean gaude gu denok". Eta guk bezala, elikagaiak behar ditu, "erlauntzara ekartzen ez baditu, erreginak ezin du jan" eta honenbestez, ezin segida bermatu. Hortxe, egun duen beste zailtasunetako bat.
Sektorearen islada
Erlea eta bere eskutik dakartzan onuren plaza izango da Usurbil azaroaren 30eko azokarekin. Urteko azoka gozoena izango dugu. Sektoreak bizi duen egoeraren islada izango du. Ekoizle galerak ere postu kopuruan urteotan izaten ari den eraginaren erakusleihoa izango da hitzordua. Postuez gain, besteak beste, kandelak egiteko tailerra izango da aurtengoan ere. "Bakoitzak berea egiteko aukera" izango duela gogorarazi digute antolatzaileek. Eta ezin ahaztu, noski, Gorrotxategiren txokolate postua. Bueltan izango da oraingo honetan ere.
Postreak sukaldatzeko deia
Goizean zehar, gainera, hiru txapelketa jokatuko dira; bat, aipaturikoa, Euskal Herri mailako ezti lehiaketa. Harekin batera, aurtengoan Erle Lagunak taldeak azpimarra berezia egin nahi dion gozogintzarena. Parte hartzea sustatu nahi dute. "Jakia sukaldatu nahiz aurkezteko modua librea da. Osagaien artean, eztia izatea da eskatzen dugun bete beharreko baldintza bakarra", antolatzaileen esanetan. Aurrez eginiko lana, Erle Eguneko azokan aurkeztu besterik ez da egin behar. Epaimahaiak baloratu ostean, saria izango du postre gozoenak. Iazko edizioa, ikasturte amaierako bidaiarako jakiok salduz dirua biltzen aritutako Udarregi ikastolako DBH4ko ikasleek irabazi zuten. Pare bat sukaldaritza lan aurkeztu zituzten. "Animatzen ditugu aurten ere parte hartzera" bai Udarregikoak, urte luzeetan parte hartu dutenak eta noski, inoiz aurkeztu ez direnak ere bai.
Belaunaldi gazteena aipatuta, ezin ahaztu Erle Eguneko hirugarren txapelketa; marrazkiena. Herriko ikastetxeek erlea haien irudimenetik islatzen dute urtero. "Geroz eta originalagoak dira. A zer nolako sormena duten eta adinaren arabera zer nolako bilakaera egoten den. Xumetik zer ikuspegi autentikoa erakusten duten" nabarmentzekoa da antolatzaileen esanetan. Baita zer nolako lotura duten ere animaliarekin. "Haientzat izaki misteriotsua da. Batzuk beldurra dute, baina aldi berean, hain izaki berezia da, erakartzen diete", Erle Lagunak taldekoen esanetan. Ildo horretan, nola islatzen duten ere bada esanguratsua. "Txikienek forma argirik zehaztu gabe baina kolore hori eta beltza duen marrazkiak sortzen dituzte. Helduxeagoen artean, pertsonaia sartzen da, erlauntzara nola doan...".
Asteotan ondutakoa Erle Egunean Sutegin izango duzue ikusgai hilaren 30ean. Egun horretan, gaztetxoenek familiei erakusten diete eginadakoa. "Egun magikoa da", bereziki txikienentzat.
25. edizioaren beharra
Are gehiago, lerrootan aipaturiko txapelketen sari banaketa unea heltzean. Erleak ekartzen ditu sariak Salbatore elizako balkoitik frontoiraino. "Emozio handiko unea izaten da. Denak zain izaten dira", Erle Lagunak taldetik gogorarazi digutenez, aurtengoan ere errepikatuko dutena. Mende laurdeneko erlearen eta haren bueltako kulturaren transmisioak utzitako arrastoaren adibideetako bat dugu.
Erle Eguna "herrian errotu da" eta sustapen lan horretan segi nahi dute, 25. edizioa ate joka duten honetan. Izan ere, haien esanetan, sektoreak bizi duen egoera tarteko, bada zer aldarrikatua, "geroz eta gehiago". Honenbestez, "erlea babesteko beharra" dela eta, mende laurdeneko ediziora heltzeko nahia adierazi dute antolatzaileek.
24. Erle Eguna
Azaroak 29, larunbata
17:30 "Argizaiola" liburu aurkezpena Salbatore parrokian.
Azaroak 30, igandea
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza bilketa.
11:00-14:00 Azoka: produktuen salmenta, erakusketak Sutegin, Marrazki Lehiaketako lanak, bideoak. Horrez gain: ezti dastaketa frontoian, eztiarekin eta txokolatearekin egindako goxoak, argizaiola, Balerdipekoen eskutik, kandelak egiteko aukera.
13:30 Euskal Herriko 24. Ezti, gozogintzako eta marrazki lehiaketen sari banaketa.
Antolatzailea: Erle Lagunak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
