Hurbilagoren Udazkeneko Azoka

Postuak, jan-edana eta 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena, larunbateko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 28a

Bertako nahiz kanpoko salmenta postuak, tailerrak, jan-edana eta 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena izango ditu osagai, larunbateko, azaroaren 29ko Hurbilagoren Udazkeneko Azokak.

Azoken ziklo betean da Usurbil, urte amaiera heltzearekin batera. Asteburuan beste bi izango ditugu; lehenengoa, larunbatean, azaroaren 29an bertan. Hurbilagoren Udazkeneko Azoka hartuko du frontoiak. Tokiko sortzaile, artisau eta merkatariak nahiz herri inguruetatik etorritakoak bilduko ditu. Osteratxoa egiteaz gain, hainbat erosketa egiteko aukera izango da, denetariko produktuez hornituriko azokan. Garai honi lotutako gaztain jana eta sagardo dastaketa egin ahalko da, bertan eginiko erosketen truke. Ziortza Gazte Elkarteak ere parte hartuko du hitzorduan, pultseren tailerrarekin.

Gogoan izan, azokan bertan, besteak beste, Usurbilgo sorkuntzaz eta ekoizpenaz hornituriko 650 Usurbil Bizi otarra aurkeztuko dute. Hurrengo astetik aurrera abenduan zehar, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, txartelak eskuratu ahalko dira urte amaieran egingo den otarron zozketarako.

Sariak herrian erostearen truke

Emankorra izan ohi da Hurbilago elkartearentzat urte amaiera eta oraingo hau ere ez da salbuespenezkoa izango. Zenbait kanpaina abian ditu aipatu herriko merkatarien bilguneak. Batetik, poltsa isotermiko berrerabilgarriak eskuratu ahal ditzakezue Usurbilgo saltokietan erosteko, 30 eurotik gorako erosketak herrian bertan egitearen truke hain zuzen. "Mantendu zure produktuak beti fresko eta gozatu bertako kalitateaz", egin du gonbita Hurbilago elkarteak. Guztira, mila poltsa berrerabilgarri jarri dituzte guztion eskura.

Bestalde, bonboien kanpaina ere abiarazi du berriz. Herriko saltokietan erosketak egitearen truke bonboi bat oparituko zaigu. Adi, jaki gozo horri. Guztiok dastatzeko moduan jarriko dituzten 10.000 bonboien artean, bost urrezkoak izango dira. Urre kolorekoa egokitzen zaionari, 100 euroko erosketa balea jasoko du herriko saltokietan xahutu ahalko duena.

Aterkiak
Bizitzen ari garen urte garai honetako ohiko egun euritsuentzat ere ekarpena egiten ari da Hurbilago Elkarteak. Izan ere, "aterki gorri-gorriak jarri ditugu bezeroen eskura Hurbilagoko establezimenduetan. Behar duenak, hartu, erabili eta bueltatu!" ditzala galdegin dute.

Albiste honi atxikitako irudietan dituzue aipatu kanpaina guztiak.

Hurbilagoren deialdiak
Azaroak 29, larunbata: Hurbilagoren Udazkeneko Azoka
11:30-14:30 Azokako salmenta postuak: liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, egutegiak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, akuarela laminak eta ilustrazioak, gazta, ogia eta bestelako kutixiak. Pultsera tailerra Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
13:30 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena. Otarra ikusgai azokan zehar.
Azokan zehar, gaztainak eta sagardoa doan (azokan erosketa eginda).
Azokako postuetan, herrikoak: Arenza, Azi, Dale kandela, Iñurri, Jox, Lizardi liburudenda, makaë, Mikel Zubelzu, Sleepy Mimosa, Xükâ Eskuz Egina, Ziortza Gazte Elkartea.
Kanpotik etorritako postuak: Agur.Handmade, Aldaxka eskuz egina, Amaetabiok, Bihurri, Ciabellaidoo, Crea, Esther Gonzalez, Haritxoa, Hemendik Hara, Lajtau Crafts, Mumi Handmade, Nahi Bitxiak, Ni Naiz, n.mone, Norte Jewellery, Osabi Naturala, Tai Day Studio, Urluma.

Abenduak 1-26
650 Usurbil Bizi Otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, sari moduan.

Abenduak 26 ostirala
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean 650 Usurbi Bizi Otarren egitasmoko sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez.

Abenduak 27, larunbata
13:30
650 Usurbil Bizi Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Abenduak 31, asteazkena
17:00 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa frontoitik.