Sareren mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 28a

Azaroko azken ostiralarekin batera, mobilizazio eguna Euskal Herrian zehar, baita Usurbilen ere. Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

"Behin betiko. Etxera" aldarripean mobilizazio eguna izango da gaurkoa hilero azken ostiraletan izan ohi den moduan. Sarek elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko herri eta hiriburuetan, baita Usurbilen ere. Udalerri honetakoa, iluntzeko 20:00etan egingo da Mikel Laboa plazan.

Urtarrileko manifestazioaren atarian
Urte amaierara begira garen honetan, Sarek finkatua du urtero Bilbon egin ohi duen manifestazio nazionalaren hitzordua. Urtarrilaren 10ean izango da, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko La Casillatik, "ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean. Iragarria du Sarek "milaka eta milaka pertsonak Bilboko kaleak beteko ditugula berriz, oraingoan urtarrilaren 10ean, preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko".

Sareren esanetan, "2023. urteaz geroztik, hortaz, aurrerapauso nabarmenak egin direla onartu beharra dago", baina "orain, gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diogu. Eta bidearen azken zati hau beharrik gabe gehiegi luza ez dadin, euskal gizarte osoari dei egiten diogu. Egin dezagun bide hori elkarrekin".