Udalbatzaren osoko bilkura

2026ko ordenantza fiskalen behin betiko onarpena ostiralera atzeratu dute

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 4a

Azaroaren 26ko osoko bilkuran egitekoa zuten gai horri lotutako bozketa ostiral honetan, abenduaren 5ean egingo dute azkenean, udal ordezkariek.

Azaroaren 26ko saioaren ondotik, urtea amaitzeko udalbatza beste bitan bilduko da. Ohi bezala, hilabete amaierako jaiegunak tarteko, abenduaren 18ra aurreratuko du urteko azken ostegunetako bilkura. Baina horren aurretik, ostiral honetan bertan ere, hilaren 5ean udal ordezkariek ezohiko osoko bilkura izango dute. Goizeko 9:00etarako finkatu dute hitzordua. Laburra izango da, minutu gutxi batzuetakoa, baina ezinbestean egin beharrekoa.

Izan ere, eguneko gai-zerrendan hizpide bakarra izango dute; "2026ko Ordenantza Fiskalei aurkeztutako alegazioak erantzun eta ordenantza fiskalak behin betiko onartzea". Gai hori, izatez, aurreko azaroaren 26an eginiko osoko bilkuran hartu behar zuten ahotan udal ordezkariek, baina hitzordu hartan bertan behera utzi eta onespen horren bozketa atzeratzea erabaki zuten.

Udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, saio horren bezperan amaitu zen urriaren 8an hasierako onespena eman ostean, hurrengo urteko ordenantza fiskalei alegazioak aurkezteko epealdia. Tarte horretan bi erreklamazio aurkeztu ziren; azkena, osoko bilkura horren bezperan bertan.

Garaiz ibiltzeko
Azken alegazio horri erantzuteko tartea hartzeko, aipatu moduan, gai horri lotutako erabakia hartzea atzeratzea erabaki zuten. Izatez, abenduaren 18an egingo da urteko azken osoko bilkura, baina "larri samar" ibiliko zirela aipatu zuten udal gobernu taldetik, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera argitaratzeko bidali eta 2026ko ordenantza fiskalak urtarrilaren 1ean jarri ahal izateko, hilabete amaierako jaiegunak tarteko.

Horregatik, aste honetan ezohiko osoko bilkura deitzea erabaki zuten. Hitzordua jarri diote jada; ostiral honetan, bilduko dira udal ordezkariak aurkezturiko alegazioei erantzun eta hurrengo urteko ordenantza fiskalen behin betiko onarpena bozkatzeko.