Hurbilagoren Udazkeneko Azoka

650 Usurbil Bizi otarra prest, zozketarako bidea zabaltzear

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 29a

Ondo asko hornitua dator 650 Usurbil Bizi otarra aurtengoan ere. Larunbat honetako, azaroaren 29ko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztu dute. Adi, urte amaieran zozketatuko diren otarrotarako txartelak hurrengo astetik aurrera eskuratu ahalko dituzue eta.

Idatzizko sorkuntza lanak, diskak, sagardoa, osagarriak, jatekoa, apaingarriak... eta gehiago. Ezin hornituagoa dator Kulturguneak, Udalak eta Hurbilagok sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarra. Larunbat honetan, Hurbilago elkarteak berak antolaturiko Udazkeneko Azokan aurkeztu dute.

Albiste honi atxikitako talde argazkian duzue, egitasmoaren aurtengo edizioan parte harturiko Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen ordezkaritza bat. Haiek guztiek urte amaieran zozketatuko diren otarrak herri sorkuntzaz eta ekoizpenaz osatzeko eginiko ekarpen oparoa goiz osoan zehar ikusgai izan da. Ondoko irudiotan ikus dezakezue, herritik eta herriarentzat prestaturiko saskiok dakartena.

Adi, otar horiek etxeratzeko atzerako kontaketa abian da eta. Izan ere, abiatzear dugun datorren astetik aurrera, urte amaieran egingo den haien zozketarako txartelak eskuratu ahalko dituzue, herriko saltokietan erosketak egitearen truke. Abenduaren 27an egingo da otarron banaketa ekitaldia.

Hiru kanpaina eta lasterketa
Hurbilagoz ari garela, bide batez, gogoan izan; batetik, zenbait kanpaina martxan dituztela. Egun euritsuetarako aterki gorri-gorriak jarri dituzte herritarron eskuragarri herriko saltokietan, behar ditugunean hartu eta gero bueltatzeko. Bestalde, bonboien kanpaina ere hor dago. 10.000 bonboi jarri dituzte herriko saltokietan. Bost urrezkoak izango dira. Urre kolorekoa egokitzen zaionari, 100 euroko erosketa balea jasoko du herriko saltokietan xahutu ahalko duena.

Azkenik, poltsa isotermiko berrerabilgarriak eskuratu ahal ditzakezue Usurbilgo saltokietan erosteko, 30 eurotik gorako erosketen truke.

Kanpaina hauez haratago, urtea lasterka agurtzeko deia egingo digu Hurbilago elkarteak beste behin. Abenduaren 31rako Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa ari dira antolatzen. Aurrerago irekiko dute izen-ematea.

Hurbilagoren datozen deialdiak
Abenduak 1-26
650 Usurbil Bizi Otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, sari moduan.

Abenduak 26 ostirala
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean 650 Usurbi Bizi Otarren egitasmoko sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez.

Abenduak 27, larunbata
13:30
650 Usurbil Bizi Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Abenduak 31, asteazkena
17:00 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa frontoitik.