24. Erle Eguna

Erlea irudimen aberatsaren iturri gaztetxoenen artean

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 30a

24. Erle Egun honek ere gaztetxoenen parte hartzea erakarri du, marrazki lehiaketaren bidez. Herriko ikastetxeetako 1-12 urte artekoek erlea nola irudikatzen duten ezagutzeko aukera eskaini dute, haien marrazkiak Sutegin ikusgai izan dira eta.

Artelanez bete dute igande honetako, azaroaren 30eko 24. Erle Eguneko antolatzaileek Sutegiko erakustaretoa. Erlea izan dute ardatz guztiek. Aginagako eta Zubietako eskolako nahiz Udarregi ikastolako 1-12 urte arteko haur eta gaztetxoek eginiko sorkuntza lanen bilduma ikusgai jarri dute. Izan ere, herriko ikastetxeetako ikasleok marraztuz apaindu eta girotzen dute Erle Eguna. Bide batez, erlearen bueltako kultura eta haren transmisioa hedatzen laguntzen du ekimen honek.

Erlea izaten duten inspirazio iturri denek, nork bere erara islatzen du animaliatxo honekin duen hartuemana; izan ikusi, entzun edo erlearekin bizitakoa abiapuntu dutela ekiten diote sormen lanari. Ahaleginak Erle Lagunak taldekoen saria izaten du urtero eta 24. edizio hau ere ez da salbuespena izan. 1-12 urte arteko sei marrazkiek irabazi dute aurtengo marrazki txapelketa. Gaurko Erle Egunaren amaieran jakinarazi dituzte sarituen izen-abizenak. Bi saritu agertu dira, gainerakoek ezin izan dute bertan egon. Halere, ohi bezala, Erle Lagunak taldetik jakinarazi dutenez, ikastetxeetara helaraziko dituzte hitzordura joan ezin izan dutenen txapeldunon sariak.

24. Erle Eguna: marrazki lehiaketako sarituak
1-2-3 urtekoen artean: Oihana Huegun Simon.
3-4 urtekoen artean: Oihan Goikoetxea Dorado.
5-6 urtekoen artean: Izaro Iturrioz.
7-8 urtekoen artean: Aratz Insausti.
9-10 urtekoen artean: Izaro Korta.
11-12 urtekoen artean: Emma Vega Vaquero.