24. Erle Eguna

Jendea goiztiarrago gerturatu da, ateri eutsi dion urteko azoka gozoenera

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 30a

Osagai gozoenekin itzuli da plazara igande honetan, azaroaren 30ean, 24. Erle Eguna.

Urteko azoka gozoenari plaza eskaini dio herri honek igande honetan, azaroaren 30ean. Izan ere, 24. Erle Eguna ospatu da gaurkoan. Urteroko osagai nagusiak bueltan ekarri dizkigute Erle Lagunak taldeko kideek; horien artean, azoka. Batetik, Dema plazan postu gozo askoak kokatu dituzte. Eztia, ukenduak, gozogintza arloko hainbat postuetan barrena osteratxoa egin, postuez bestalde zeudenekin harremandu eta erosketak egiten ikusi ditugu bat baino gehiago: postuez bestalde zirenak, haien eskaintza ezagutarazten, zuten eskaintza motaren arabera zutena dastatzen, eskaintzen aritu dira.

Aipatzekoa, tartean, Udarregi ikastolako DBH 4. mailako ikasleak zeuden. Ikasturte amaierarako laguntza biltzeko postre goxo askoak aritu dira saltzen.

Ez da auzolanean ikusi dugun herriko talde bakarra izan. Aitzaga eta Sutegi arteko aterpean, herriko talogile solidarioak jo eta su aritu dira atsedenik gabe talo goxo askoak sukaldatu eta saltzen. Azoka hasieratik ilara ederra izan dute, lan eskerga, bertaraturikoen hamaiketako gogoa asetzen.

Izan ere, aurten ohi baino lehenago jende gehiago ikusi da kalean gora eta behera, atzoko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan gertatu moduan. Ateri eutsi dio ia goiz osoan, bestelakorik iragarria bazegoen ere.

Dema plaza eta Sutegi atariaz gain, frontoia izan da Erle Eguneko beste "oholtza" nagusia. Bertan ziren gaurko ekimena hasiz geroztik, Erle Egunaren amaierako sari banaketarako txapelketen epaimahaiak gozogintzako nahiz ezti lehiaketetara aurkezturiko jakiak baloratzen; aurpegi ezagunak tartean, hamarkada batetik gora Erle Egunera gogotsu etorri ohi den Esther Esparza aktorea eta Oscar Terol umoregilea, edota aurten erretiroa hartutako Kalezarko Esther Arrojeria eskubaloi jokalaria eta, noski, nola ez, Erle Egun honen arima, Julian Urkiola herrikide, antolatzaile eta erlezaina.

Haien ondoan, eztia yogurtarekin banatzen ere aritu dira. Eta beste txoko batean, atzo Salbatore elizan aurkezturiko "Argizaiola" liburua ere eskuragarri jarri dute, argizaiolekin batera.