Abenduaren 1a oroimenerako eguna izan ohi da Usurbilen. Bere omenezko eta izeneko plaza du, eskultura baita Mikel Laboak. Hamazazpi urte bete dira astelehen honetan hil zenetik. Ordutik, hutsik egin gabe urtero egin ohi duen moduan, Usurbilgo Udalak sortzaile handiaren musika entzungai jarri du bere izeneko plazaren bueltan.
Horrez gain, asteartera arte, abenduaren 2ra arte, erregistro liburua ere zabaldu du Sutegi udal liburutegian, nahi duenak idatziz omendu dezan edo gorazarre egin diezaion euskal artista handiari.
Oroimen egun hau, Euskararen Aste betean egokitu da. Etzi, hilaren 3a izango dugu Euskararen Nazioarteko Eguna. Dagoeneko asteburuan hainbat ekimen egin dira; hala nola, Porrotx, Marimotots Pupu eta Loreren "Zerua lapurtu dute" ikuskizuna antolatu zuen larunbatean NOAUA! Kultur Elkarteak, Euskararen Gala Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak. Kantu-jira ere egun berean izan zen edota kantu bazkaria Santuenea Kultur Elkartekoen eskutik. Atzo, "Gaua" euskarazko filma proiektatu zuen baita ehun bat lagunen aurrean Sutegiko auditorioan.
Hona hemen, Euskararen Asteari lotuta hurrengo egunotarako iragarri diren ekimenen berri:
Euskararen Astea
Abenduak 2, asteartea
16:20 Liburuen truke azoka Agerialdeko patioan. HH5 eta LHko ikasleek etxetik aldez aurretik ekarritako liburuak beste batzuengandik trukatzeko aukera izango dute.
Abenduak 3, asteazkena
Euskararen Nazioarteko Eguna
18:00 Kantuz eta musikaz giroturiko ekitaldia frontoian.
Antolatzaileak: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea eta Zumarte Musika Eskola.
Udarregi ikastola
Goizean zehar, festa ikastolan: HHko haurrek buruarinak eta dantza izango dute lagun hamaiketako berezia egin aurretik. Arratsaldean, tailerrak eta kantagintza Agerialden bertan 16:10 inguruan.
LHko haurrak euskararen eta euskal kulturaren bueltan jolasean ibiliko dira herrian zehar; euria balitz, Oiardo kiroldegian. 11:50 aldera elkarrekin abestuko dute Mikel Laboa plazan.
DBHkoek Usurbilgo esamolde eta hitz bereziak landuko dituzte eta bertsolariez gozatzeko aukera ere izango dute, besteak beste.
Abenduak 4, osteguna
18:00 Yolanda Arrietak NOAUA! K.E.-rentzat prestaturiko "Pox, Mox eta Trumoi, ederra kasketa!" liburu aurkezpena Sutegi udal liburutegian.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.
