Akelarre musika taldea bueltan dator gure artera! Oraingoan, ezusteko kontzertu bat ematera ez, dokumental batekin baizik. Haien 33 urteko, hau da 1972-2005 urte arteko ibilbidearen hainbat une berriz bizitzea ahalbideratuko duen 85 minutuko ikus-entzunezkoa proiektatzera datoz udalerri honetara; "Akelarre: marearen kontra" izenekoa hain zuzen. Abenduko bigarren asteburuan izango da.
Ziklo itxiera modukoa izango da dokumental hori taldearentzat. "Akelarre musika taldeak 30 urte baino gehiagoko etapa bat itxiko du eszenatokien gainean, bere jatorria eta musika ibilbide oparoaren unerik adierazgarrienak errepasatzen dituen dokumental batekin".
Lan horrek "Akelarre taldearen bizitza bere jarraitzaileekin lotzen du musikarekiko pasioaren bidez, bere ibilbidean zehar gidatu dituen eta milaka pertsonaren bizitzaren parte izatea lortu duten bera. Dokumental hau bizitza musikaren bidez ulertzeko modu bat da".
Aginagan, Usurbilen eta Zubietan
Udaberrian izan genuen dokumental horren berri. Usurbilekin hartueman estua izandako taldeari buruzko lan hau, besteak beste, udalerri honetan grabatu baitute.
Albiste honi atxikia duzue trailerra. Abenduko bigarren asteburuan osorik ikusi ahalko duzue, eta ez behin, hirutan baizik. Izan ere, Aginagan, Usurbilen eta Zubietan eskainiko dute osorik. Usurbilgoa Sutegiko auditorioan emango da eta izango du berezitasunik; Akelarre taldeko kide Jexuxmai Lopetegi ekitaldian bertan izango da eta.
Segidan duzue hitzorduon berri. Gonbidapenak jada eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman.
"Akelarre: marearen kontra" dokumentalaren proiekzioak
Abenduak 12, ostirala
19:00 Zubietako Kaxkapen.
20:00 Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean
Abenduak 14, igandea
18:00 Usurbilgo Sutegiko auditorioan.
Antolatzaileak: liza Zaharra Elkargunea, Usurbilgo Udala, Zubieta Lantzen.