Euskararen Eguna

TOKIKOM: "Guretzat egun guztiak dira Euskararen Eguna"

Erredakzioa 2025eko abenduaren 3a

TOKIKOMeko gainerako tokiko hedabideekin batera, NOAUA!ko Erredakzio Batzordeko kideok idatzi hau partekatu nahi dugu gaurko egun seinalatuan.

Egunero Euskararen Eguna

Abenduaren 3a iritsi da berriz eta, harekin batera, Euskararen Nazioarteko Eguna. Inguruan ditugun lagun askorentzat egun berezia da 'Euskararen Eguna' euskararen alde agertzeko data seinalatua.

Zentzu horretan, gaurko egunak gutxi dauka berezitik TOKIKOM osatzen dugunontzat. Euskaraz eta euskararen alde jarduteko sortu ginen, eta halaxe jarraitzen dugu: gertuko informazioa profesionaltasunez eta kalitatez lantzen, euskara profesionaltasun eta kalitate horren parte ulertuta. Egunero egiten dugu euskaraz eta euskararen alde. Guretzat, beste zenbaitentzat bezala, egun guztiak dira Euskararen Eguna.

Hala ere, ongi etorria ospakizuna, eta data seinalatua, noski! Taupa Mugimenduko lagunek egindako manifestuarekin guztiz bat dator TOKIKOM: gure eguneroko lana bada euskararen txinparta horri eustea, sua piztuta mantentzea eta haren goxotasuna eskuz esku pasatzea. Euskarara erakartzea etxetik gertuko informazioa landuz, kalitatez, profesionaltasunetik eta konpromisotik, etxeko suaren goxotasuna bezalakorik ez baitago. Abenduaren 3an, eta urteko beste 364 egunetan ere.