Urteko azken ikastaroak ate joka

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Urteko azken hilabetean sartzearekin batera, lerrootan duzue asteotarako iragarri diren ikastaroen berri.

Antzerkigintza tailerra Pelaioenean
Ixabel Agirresarobek Belmonte auzo elkarteak antolaturiko antzerki tailer bat eskainiko du abenduko oporraldian 8-12 urte artekoentzat, Kalezarko Pelaioenean. Jada saioak noiz izango diren zehaztu dute; abenduaren 22an, 23an, 26an eta 27an izango dira, goizez, 10:30-12:00 artean. Izena emateko epea zabalik da. Horretarako email bat idatzi behar zaio Ixabeli, helbide honetara: ixabel.agirresarobe@gmail.com Tailerrean parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira. Gehienez 12 lagunentzako tokia egongo da.

Txokoargiko ikastaroak

Batetik, azaroaren 28koaren ondotik, sendabelar tailerraren bigarren saioa antolatu du Txokoaldeko Txokoargi elkarteak abenduaren 12an, 17:30etan, izen bereko auzo elkartearen egoitzan bertan. Leire Lazkanok bideraturiko saiootan 12 lagunentzako tokia egongo da. Prezioa, 20 euro. Izena emateko deitu 619 591 849 telefono zenbakira.

Biharamunean, errege opila egiteko ikastaroa antolatu du Txokoargik abenduaren 13an, 10:00-12:00 artean. Idoia Artuzamonoak bideratuko du saioa. Gehienez 12 lagunentzako tokia egongo da. Izena aurrez eman beharko da 619 591 849 telefono zenbakian (arratsaldez, 16:00-18:00 artean). Prezioa: 15 euro.

KzGunea
Abenduaren 23ra arte, 09:00-13:00 artean irekiko dute Usurbilgo KzGunea. Hona hemen, aurtengo azken ikastaroen berri:
-Abenduak 3-15, 09:00-11:00 "Eman lehenengo pausoak argazki ukituan GIMPekin".
-Abenduak 16-19, 09:00-11:00 "Ikasi online banka modu erraz eta seguruan erabiltzen".
-Abenduak 22-23, 09:00-11:00 "Online izapideak Osakidetzarekin".
Informazio gehiago:
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Kantu Taldea
Ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan elkartzen dira astelehenero Agerialdeko musika gelan Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Azaroaren 29ko kantu-jiraren ondotik, asteazken honetan, abenduaren 3an irtengo dira berriz, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen. Zumarte Musika Eskolako kideekin batera, kantuz eta musikaz giroturiko emanaldia iragarri dute arratsaldeko 18:00etan frontoian.

Eskulanen tailerra
Gantxilloa, bolilloa... lantzeko taldea osatua dute Usurbilen. Etumeta AEK euskaltegiak duen egoitzan (Kale Nagusia 43, behea) biltzen dira, astelehen goizero bi orduz, 9:30-11:30 artean. Urritik ekainera izango dira bertan.

Dantza garaikide ikastaroa
Asteazkenetan batuko dira kiroldegian, 19:00-20:30 artean. Helduei zuzendua egongo da. Izena emateko, deitu telefono hauetako batera: 657739523 (Marta), 627310660 (Marijo). Prezioa: 40 euro, hilean.