"Pox, Mox eta Trumoi umeengandik hurbil dauden hiru iratxo dira"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Euskararen Egunaren atarian, ipuin bat plazaratzen dugu NOAUA!rekin batera. Ixabel Agirresarobe eta Mattinekin zabaldu genuen bidea 2019. urtean. Ainara Azpiazu 'Axpi'-k eman zion segida egitasmo honi. Yolanda Arrietak eta Ane Arzelusek hartu dute lekukoa. Pox, Mox eta Trumoi iratxoen lehen abentura azken astekariarekin batera jaso duzue. Yolanda Arrietak eta Ane Arzelusek etzi, abenduaren 4an aurkeztuko dute ipuina Sutegi udal liburutegian. 18:00etan hasiko da eta 0-6 urte bitartekoentzako saioa izango da.

Ipuineko protagonistak hiru iratxo dira. Iratxoak ohikoak dira herri kondairetan, ezta?
Yolanda Arrieta: Ipuina idazten hasi aurretik, lehenik eta behin hartzailea izan genuen buruan. Ume txikiak dira, irakurtzen ikasi aurrekoak, edo ikasten ari direnak. Lehenengo irakurleak. Horiek izan ditugu buruan eta halakoxeak dira: ez dira iratxoak, baina lepoa oraindik txikia dute eta bon-bon-bon mugitzen dira. Hartzailearengandik oso hurbil dagoen norbait nahi genuen. Iratxoa ez da animalia, gizaki-gizakia ere ez... Gauza txikiak dira, lagun ezkutukoak. Horrek denak irakurtzen eta idazten hasi aurretik dagoen aldi hori islatzen du.

Hiru dira protagonistak eta hiru dira osatuko dituzuen ipuinak.
Y. A.: Hiru pertsonaia sortu ditugu, hiru urteotan plazaratuko dugulako ipuin bana. Eta urte bakoitzean bat izango da protagonista nagusia. Hiru ipuin eta hiru pertsonaia; horrek joko asko eman dezake. Eta emozioekin lotuko bagenitu? Protagonista bakoitza emozio batekin lotu, emozioak pertsonaiak bihurtuz.

0-6 urte bitarteko umeentzat da ipuina. Iratxoekin identifikatzeko ezaugarri asko topa ditzakete ipuin honetan.
Y. A.: Iratxoa domestikatu gabeko gizaki bat da oraindik. Eta horrek joko handia ematen zigun, adin horretako umeek egiten dituzten gauza asko egiteko aukera eskaintzen digulako. Aldi berean, ez dira umeak, iratxoak dira. Ez dakizu zenbat buelta eman genizkion iratxoaren formari. Belarriak fintzen, ertzak leuntzen....

Ipuin bakoitzean pertsonaia bat gailenduko da, beraz, ipuin bakoitzean emozio bati buruz jardungo duzue. Aurtengo ipuinean, haserrealdia irudikatu duzue.
Y. A.: Hiru ipuin osatu behar ditugunez, ipuin bakoitzak emozio baten inguruan aritzeko aukera eskaintzen zigun. Baina hiru emozioak hiru ipuinetan agertuko dira . Emozioak ere, batzutan ez direlako hain gardenak. Hiru emozioak daude, baina ipuin bakoitzean bat gailenduko da. Gainera, hiru pertsonaia dira, baina beti daude elkarrekin.

Pertsonaia bakoitzak bere izaera propioa du. Aldi berean, elkarren osagarri dira hiru iratxoak, ezta?
Y. A.: Horrekin ibili gara. Hor dago gakoa. Egoerak egunerokoak dira. Lehen ipuin honetan kasketari heldu diogu. Askotan, nagusiontzat, kasketak tontakeriak dira. Norberari gertatzen zaionean ordea, gatazka handia da, ezta? Haserrea, amorrua... horrekin jolastu dugu.

Hortaz, Trumoi iratxo baten izena da eta emozio baten erakusgarri.
Y. A.: Hitz jokoak asko gustatzen zaizkit. Pox, poza da. Mox; motz, triste... Eta Trumoi. Pox, Mox eta Trumoi. Fonetikoki ere oso polita da.

Dena den, Trumoi ez da beti gatazka iturri izango. Ipuinean deskubrituko dugun moduan.
Y. A.: Momentu batean boom egingo du, orduan agertzen da bere haserre hori. Emozioei dagokionez, denok dugu denetarik, ez dago emozio gardenik.
Ane Arzelus: Ipuin honetan ikusiko den moduan, ez daude emozio onak eta emozio txarrak. Sinpleki, emozioak dira. Hor daude eta denok dauzkagu, gehiago ala gutxiago. Haserrea adibidez, pasatzen den zerbait da, eta hori naturalizatu egiten du ipuin honek.
Y. A.: Emozioen inguruko liburu pila bat atera dira azkenaldian. Emozio txarrak, emozio onak... Baina sentitzea, sentitzea da. Eta egoera baten aurrean denak sentitu gaitezke Trumoi, denak sentituko gaitezke Mox, denak sentituko gaitezke Pox. Horri buruz idatzi nahi genuen, baina ume txikiek ere ulertzeko eta sentitzeko moduan. Hor mugitu gara. Lehen ipuinean, kasketari tokatu zaio.

Iratxoak pertsonaia fantastikoak dira, mitologikoak, belarri puntadunak, naturari lotuta.... Pox, Mox eta Trumoi bestelakoak dira.
A. A.: Pertsonaiak diseinatzerakoan, asko hitz egin nuen Yolandarekin. Nik iratxoa irakurri nuenean, kondairetako iratxo horiek zetozkidan burura. Eta Yolandak esaten zidan, iratxoak dira, baina modu abstraktu batean. Iratxoaren figurari buelta asko eman genizkion, errealitatetik aldenduta dagoen puntu hori eman nahi genion, baina aldi berean, ume baten iruditik gertu egon behar zuen. Marrazteko garaian, umeen marrazkietan inspiratu nintzen, hartzaileentzat gertukoa izan zedin. Pertsonaiak iratxoak dira, baina modu malgu batean. Txapelak jarri nizkien hasiera batean, eta Yolandak,  “kendu, txapela kendu”. Eta ados nago. Uste dut politago daudela horrela. Kondairetako iratxo horietatik aldentzen dira.
Y. A.: Guk beste iratxo batzuk egin ditugu.
A. A.: Etxetiarragoak dira hauek.
Y. A.: Pox, Mox eta Trumoi ez daude kondairetan. Ipuin honetan bakarrik daude.
A. A.: Beren etxetxoan.

Nortasun bakoitza kolore batekin lotu duzu, ezta?
A. A.: Hala da.

Ez da kasualitatea Trumoirentzat gorria aukeratu izana.
A. A.: Yolandak egitasmo hau aurkeztu zidanean, oso argi ikusi nuen hiru koloretan egin behar nuela. Koloreen identifikazioa oso kulturala dela uste dut, konexio hori eginda daukagula oso txikitatik. Goibeltasuna, urdina dela; haserrea edo amorrua edo pasioa gorria dela; eta alaitasuna, horia. Kolore primario horietara jo nuen. Nik arte munduko erreferentzia pila bat ditut. Mondrianen koadroak oso argi ikusi nituen. Kolore arteko kontraste polita dago bere artelanetan, forma oso argiak... Diseinu grafikotik nator gainera, eta elementu gutxirekin lan egitea gustatzen zait, ahalik eta gehien komunikatzeko.

Irudiek ere asko esaten dute ipuin honetan, ezta?
A. A.: Hori da.
Y. A.: Album formatua genuen buruan. Hitzaren, irudiaren eta espazioaren artean kontatzea ipuina. Batak esaten ez duena besteak esaten du. Oinarrira jo behar genuen.

Iratxoen generoa ez dago argi. Eta akaso ez dago horren inguruko azalpenik eman beharrik.
Y. A.: Neutroak izango dira. Listo. Berehala argitu genuen.
Y. A.: Euskarak gainera, asko laguntzen du horretan. Neutralitatea hizkuntzan ere badago.

Elkarrekin lan egin duzue aurretik ala hauxe izan da zuen arteko lehen elkarlana?
A. A.: 2020. urtetik nago irudigintzan lanean. Eta irudigintzan hasi nintzen, hain juxtu, Bikoteka izeneko tailerrean parte hartu eta gero. Yolanda Arrietak eta Aitziber Alonsok eskaini zuten urte hartako tailerra. Ordura arte publizitate agentzia batean ari nintzen lanean.
Y. A.: Bikoteka Nafarroan eskaintzen duten tailer intentsibo bat da. Idazleak eta ilustratzaileak bikoteka jartzen dituzte elkarlanean, eta elkarlan horretatik album ilustratu baten proiektua sortzen dute.
A. A.: Niri mundu berri bat zabaldu zidan ikastaro hark eta bertan ezagutu nuen Yolanda.
Y. A.: NOAUA!ren proposamena jaso nuenean, Anerekin akordatu nintzen berehala. Pox, Mox eta Trumoi ideia garatzeko, irudigileak grafikotasunetik ere izan behar zuen. Kontzeptualago izan behar zuen. Ane Amaran bizi da gainera, eta horrek ere laguntzen du. Ze bestela, oso zaila da. Kafe baten bueltan, guk gauza asko atera ditugu aurrera.

Nola izango da abenduaren 4ko aurkezpen solasaldia?
Y. A.: Anek marraztu egingo du. Bakartxok lortu dizkigu ‘astoa’ eta paperak. Umeek ikusi egingo dute Anek nola marrazten duen. Nik nire aldetik, lehenbizi saioa girotuko dut. Musika pixka bat jarriko dugu. Eta gero hasiko gara ipuina kontatzen. Lehenbizi azala erakutsiko dugu, eta ikusiko dugu zenbat gauza dauden eta zenbat gauza egon daitezkeen barruan. 'Pox, Mox eta Trumoi. Ederra kasketa!' ez dugu osorik kontatuko, ze ipuin hau etxean irakurtzeko da. Baina zati batzuk bai, irakurriko ditugu eta nola egin dugun ere azalduko dugu. Eta amaitzeko, marraztuz amaitu nahiko genuke. Familia bakoitzak emozio bat, pertsonaia bat marraztu ahal izango du eta ondoren gainerakoei erakutsi. Zer aterako den? Orduantxe ikusiko dugu.

Papera eta margoak eraman beharko dira?
Y. A.: Ez, materiala hemen izango dugu (udal liburutegian). Familiaka margotuko dugu. Eta horrela, iratxo familia edo iratxo herria osatuko dugu denon artean!