"Eszenografia aldatu dugu, baita saioak eta musika ere"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Joseba Usabiaga (Tolosa, 1981) Gure Zirkuko sortzaileetako bat da. Zortzigarren denboraldia amaitzen ari dira eta sarrera guztiak saldu dituzte. Ikusle denei eskerrak eman nahi dizkie.

Gure Zirkuaren zenbatgarren denboraldia da hauxe?
Aurtengoa zortzigarren denboraldia da. 2018an egin genuen lehen bira, eta urtero 100-120 emanaldi egiten ditugu. 2020. urtea zaila izan zen, baina distantziak errespetatuz aurrera atera genuen.

Urtero zirkuko egitaraua aldatu egiten duzue?
Ia-ia urtero aldatzen dugu ikuskizuna. Jendeak asko errepikatzen du, eta zerbait desberdina eskaini behar zaie. Beraz, urtero aldatzen dugu ikuskizuna, eta urtarriletik apirilera emanaldi berria pres-tatzeko tartea hartzen dugu.

Aurreko denboralditik aurtengora, aldaketak egin dituzue?
Ia-ia dena aldatu dugu. Eszenografia aldatuta dago goitik behera, saioak eta musikak ere ezberdinak dira. Esketx bat, adibidez, berdina da, jendeari gustatzen zaionez, mantentzea erabaki genuen.

Partaide berriak ere hartzen dituzue denboraldi bakoitzean?
Ez du zertan denboraldi bakoitzean hala izan behar. Aurten pertsona berri bat sartu da. Jendearen nahia ere horrela izaten da: batzuk utzi nahi izaten dute; beste batzuk proiektu berri batzuetan sartzen dira; edo guk diziplina berri bat sartu nahi dugu eta pertsona konkretu baten bila jotzen dugu.

Zirkua karabanaz inguratuta dago. Bertan bizi zarete?
Bai. Egia da orain Usurbilen gaudela, eta etxera asko jotzen dugula. Ni tolosarra izanik askotan joaten naiz etxera lotara, baina hemen uneoro, gutxienez hiru pertsona gelditzen dira lotara. Egia da maiatzetik irailera arte, astean sei egunetan hemen egoten garela. Etxetik urruti izaten ditugu emanaldiak, eta bizitza nomada hori ere izaten dugu.

Etxearen falta sumatzen da biran zaudetenean?
Bai eta ez. Hasierako urteetan bai, baina gero egin egiten zara. Adibidez, aurten Lekeition izan gara hilabetez, eta karabanan lo eta bizitza Lekeition egiten duzu. Lana eta oporrak bezala hartzen dituzu, eta beste era bateko planak egiten dituzu. Familia daukatenek, uztartu egin behar izaten dute lana eta familia.

Zergatik hilabete Usurbilen?
Guk hiru asteko egonaldiak egiten ditugu ikusleak asetu egiten direla uste dugulako, baina Urbilera iritsi baina dezente lehenago dena salduta zegoen. Urbilekin hitz egin genuen, eta luzapena hartzeko aukera izan genuen. Beste herri batzuetan ezin dugu luzapenik egin.

Nolakoa ari da izaten aurtengo denboraldia?
Zorionez, ehun emanaldi egin ditugu aurten, eta oraindik hogei-hogeitabost gelditzen zaizkigu, eta emanaldi bat kenduta, uste dut gainerakoak beteta izan ditugula.

Eta beti beteta edukitzeak presioa eragiten dizue?
Ez da presioa, ardura baizik. Jendeak ordaindu egiten du ikuskizuna ikusteko, eta txukun aritu beharra dago.


Gure Zirkua Usurbilen
Non: Urbil merkatalguneko aparkalekuan.
Emanaldiak:
-Abenduak 4, osteguna: 20:00 Zeatikez taldearen kontzertua programatu dute.
-Abenduak 5, ostirala: 19:00. Sarrerak agortuak.
-Abenduak 6, larunbata: 12:00. Sarrerak agortuak.
-Abenduak 6, larunbata: 18:00. Sarrerak agortuak.
-Abenduak 7, igandea: 12:00. Sarrerak agortuak.

Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian eskuragarri.