Abenduaren 13an

Independentziara Eguna antolatu du Buruntzaldeako Ernaik

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Eskualde mailako mobilizazio eta ospakizun eguna antolatu du Usurbilgoa barne duen Buruntzaldeako Ernai gazte antolakundeak abenduaren 13rako. Egitarau zehatza ezagutarazi dute.

Independentziara Eguna antolatu du Usurbil eta eskualde hau osatzen duten gainerako Ernai gazte antolakundearen baitako taldeek abenduaren 13an, larunbatarekin, udalerri honetan bertan. Horrez gain, sare sozialen bidez iragarria dutenez, eskualde mailako ekimen horren aurretik, herri mailakoak egingo dira datozen egunotan; Usurbilgoa, abenduaren 6rako dute iragarria.

"Buruntzaldeako gazteok independentzia!", aldarrikatu du eskualde mailako gazte antolakundeak. Antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin dute. Segidan duzue, iragarri dituzten hitzorduen berri. Horien artean, goizez ekitaldia iragarri dute Sutegin. Eguerdi partean, bertso-bazkaria. Adi, hitzordurako txartelak aurrez eskuratu ahalko dituzue Aitzagan.

Iluntze parterako mobilizazioa eta ekitaldi politikoa antolatu dituzte frontoian eta eremu berean, eguna borobiltzeko kontzertu gaua; tartean, Ameba musika talde usurbildarrak parte hartuko du.

Independentziara Eguna
Abenduak 13, larunbata
11:00 "Ekinez egina, gazteok independentzia" ekitaldia Sutegin: Haritz Rekondo eta June Iartza.
14:00 Bertso bazkaria frontoian. Txartelak aurrez Aitzagan salgai.
19:30 Mobilizazioa.
Ondoren, ekitaldi politikoa frontoian.
23:00 Kontzertuak: Ameba, Ertz, DJ Ibaiz eta MJotaxoxo.

Antolatzailea: Buruntzaldeako Ernai.