Argazkilaritza eta Adimen Artifizialaren inguruan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 7a

Adimen Artifizialak aukera ugari ekarri dizkio argazkilaritzari, baina irudien benetakotasuna ere bihurritu dezake. David Argindegi argazkilari profesionala da eta AA-k dituen abantailen eta desabantailen berri eman digu. 

NOAUA!ko kazetariok irudiak baliatzen ditugu gure albisteak osatzeko. Bideo nahiz argazki irudiak. Paperean nahiz digitalean. Adimen Artifizialari esker, egindako erretratuak edota bideo-irudiak doitu ditzakegu. Baina aukera gehiago ere eskaintzen ditu eta horrek baditu bere arriskuak. Irudiaren benetakotasuna kolokan jar dezakeelako eta horrek zalantzan jarriko luke gure jardueraren sinesgarritasuna. 

Honen inguruan hausnartzeko aukera aparta izan genuen atzokoan, Andoainen. Aiurri tokiko hedabideak tematika honi lotutako mintegi bat antolatu zuen eta Aiurriko kazetariekin batera, Tolosaldeko 28 Kanala telebistako eta NOAUA! hedabideko kazetariok hartu genuen parte. David Argindegi argazkilariak eskaini zuen hitzaldian, Adimen Artifizialari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko aukera izan genuen.