Asteazken hotz eta euritsu hau gogotik leundu dute Udarregi ikastolako LH-ko ikasleek eta irakasleek. Izan ere, abenduak 3 ditu gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Egun seinalatua, besteak beste, Udarregi ikastolan. Ziklo guztietako ikasleek ekintza bereziak izango dituzte egunean zehar.
Ezohiko hitzordu horietako batean izan gara eguerdi partean. Izan ere, kantuan plazaratu dira LH zikloko hainbat ikasle eta irakasle Usurbilgo frontoira. Euskarari gorazarre ondo baino hobeto egin diote kantuan. Geure kantutegian ezagunak ditugun aspaldiko kantuak nahiz berriagoak egoki asko menderatuak dituztela argi utzi dute, gogotsu asko jendaurrean eskainitako kantaldian. Aterki azpian ziren hainbat guraso eta lagun hurbildu dira frontoira emanaldi hau ikustera.
Aipatu moduan, kantaldi hau ez da gaurko Udarregi ikastolan programatua duten ekintza bakarra. Izan ere, asteazken honetan zehar, HH, LH eta DBH-koentzako hainbat ekintza antolatu dizkiete; tailerrak, kantagintza saioa, jolasak, hizkuntzaren bueltako lanketa bereziak... eta hitzordu gehiago izango dituzte ikastolan, Euskararen Nazioarteko Egun honetan.