Udalbatzaren osoko bilkura

2026ko udal aurrekontuak alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 4a

Azaroaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onarturiko 14 milioi euro pasatxoko 2026rako udal aurrekontuak hasieraz onartu zituzten. Alegazio epealdian dira orain.

Izan ere, Usurbilgo Udalak asteazken honetako, abenduaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkiaren bidez jakinarazi duenez, gaurtik, hamabost lanegunez alegazio epealdian izango dira udal aurrekontuok.

"Sarrera arruntak inoiz baino altuagoak"
Aurtengo marka ez dute hautsiko 2026rako udal aurrekontuek, azaroaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu zituztenak 14 milioi euro pasatxokoak izango baitira. Halere, aurrekaririk gabekoak izango dira hauek ere, "sarrera arruntak inoiz baino altuagoak" izan direlako gobernu taldearen esanetan, motibo hauek tarteko; "foru funtsetik aurreikusitako igoera garrantzisua delako, proiektu eta inbertsioei azken urteotan lotutako kanpo finantzaketak ere  garrantzitsuak izan direlako. Maileguak ere hor daude eta zerga eta prezio publikoen bilketak azken urtean izandako bilakaera positiboa" izan dela nabarmendu zuten EHBildutik, iragan asteko osoko bilkuran. Horrek ahalbideratuko du "Udalak izatea aurrekontu sendotasuna eta gastu ahalmen handia". Aurkeztera zihoazenak aurrekontu anbiziotsu gisa definitu zituen alkateak. "Inbertsioetan soilik, zazpi milioi euro ari gara kudeatzen une honetan". Horrek "bide emango digu Legealdiko Planean jasotako proiektu estrategikoak bizkortzea eta, batez ere, herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea". Datorren urterako udal aurrekontuen proiektuak "gizarte babesa indartzen jarraitzeko apustua erakusten du eta batez ere, zaintza ereduen inplementazioan" aurrerantz jotzeko asmo irmoa. Hala, gizarte zerbitzuen sailari bideraturiko aurrekontua hazi egin dela ekarri zuen gogora EHBilduren gobernu taldeak. Horren bidez, "etxez etxeko zerbitzua indartu nahi dugu, zaintza prebentziotik landu nahi dugu, auzo-zaintza proiektuen bidez". Horrez gain, "aurrekontuok ere baliatu nahi ditugu trantsizio ekosozialaren bidean, misio horretan sakontzeko". Arlo horretan kokatu zuten "mugikortasun iraunkorra sustatzea ekarriko duen Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria" edota landa eremura begirako ekarpenak; hala nola, "hiri-lurren erosketa eta lur publikoa handitzeko egindako apustua" edota landa eremuko herri-bideen konponketa. 

Auzo bizigarriagoak
Udal gobernu taldearentzat "hirugarren lerro nagusia auzoetako bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea da". Alor horretan nabarmendu zituen alkateak "Santuenea bizigarriagoa eta irisgarriagoa egitea, azken urteetan auzotarrekin batera landu dugun auzo planari jarraiki eta, batez ere, laster onartuko dugun irisgarritasun unibertsalerako plan integralak jasotzen dituen jarduketei bide emateko aukera ematen digulako".

Udal ekipamenduen hobekuntza ere gaineratu zuen, eta hor, haur eskolaren Kalezarko eraikinaren berritzea aipatu zuten, baita euskararen normalizaziorako plan estrategikoa herri eragile eta norbanako euskaltzaleekin osatzeko duten asmoa. "Gaur aurkezturikoa, oposizioak egindako ekarpen gehienak jasotzen dituen aurrekontu proiektua da", EHBilduren esanetan. Izan ere, "oposizioaren ekarpenak entzun eta akordioetara iristeko borondatea genuela aipatu genuen. Uste dut, horren erakusle badela gaur onartzera goazen aurrekontuak". Batetik, "PSE-k proposatutako gastu gehikuntza guztiei bide eman diegu eta gastu gehikuntza horrek ahalbidetu du auzoetara bideratu ditugun diru partidak handitzea", 40.000 eurotan hain zuzen. Horrez gain, Agurtzane Solaberrietaren esanetan, "EAJ udal taldeak proposatutako emendakin askori ere bide eman diegu eta proposatutako 360.000 euroko gastuetatik 200.000 euroko gastua onartu dugu". Onarpen horren baitan dira, landa-eremuko bideen hobetzea, Santuenea eta San Esteban artekoa tartean. Gainerakoan, "bide eman ez diegunei uste dut arrazoitu ditugula batzordean". Adibide gisa jarri zuen gobernu taldeak herri sarrerako errotonda eta autobus geltokiari lotutako ekarpena. Aurrekontuotan isladarik izan ez arren, gai horren lanketan direla jakinarazi zuen EHBilduk. Finean, alkateak iragarri zuenez, "aurrekontu honekin eta datorren urtean egin asmo ditugun kreditu aldaketa ezberdinekin, Legealdiko Planean jasotako konpromiso ia gehienak bide emanda edo bideratuta utziko ditugu".

EAJ-PNV, aurka 
EAJ-k aurrekontuon aurka bozkatuko zuela iragarri zuen "pena handiz". Izan ere, Xabier Otxoa bozeramailearen esanetan, "benetan saiakera egin dugu aurrekontu proposamena hobetzeko, osatzeko eta Usurbilgo beharrei erantzun hobea emateko". Horretarako, "negoziaketarako borondate erreala erakutsi dugu, emendakin egingarriak, errealistak eta zehatzak proposatu ditugu. Kontzientze gara gehiengo osoa duzuela, eta ez duzuela zertan gurekin negoziatu behar, baina esperantza genuen hainbeste aldarrikatzen duzuen gobernantza eredu parte hartzaile hori praktikan jarrita, EAJ-ren proposamenak negoziatzeko irekiak egongo zinetela". Aldiz, Otxoaren esanetan, "tamalez, ez da negoziaziorik izan" eta "sasi proposamen  bat egin diguzue; komeni zaizuena hartu itxura egiteko eta gainerakoa baztertu". 

Horren aurrean, jeltzaleek "izen-abizenak dituzten proiektu zehatzei" eusteko borondatea agertu zuten osoko bilkuran. Emendakinetako bat, "autobus geltokiko biribilgunearen hobetzea zen, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta biribilguneko irisgarritasuna eta ibilbideak hobetzeko proiektua", 40.000 eurokoa. Bigarrenik, 70.000 eurorekin "zoladura eta bide publikoen mantenua indartzea urteko plangintza egonkor batekin". Hirugarrenik, 25.000 eurorekin "spinning zerbitzuko azpiegituren berrikuntza kiroldegian". Horrez gain, "bide bazterren mantentze zerbitzua baliabide gehiagorekin handitzea. Horretarako, 34.000 euroko aurrekontua aurreikusten genuen" eta beste 60.000 euro landa bideen konponketarako, tartean, Santuenea eta San Esteban arteko bidea birgaitzeko, ia 200.000 euroko inbertsioa egitea eta 70.000 euro 24 orduz zabalik izango zen komun autogarbigarria ezartzeko udal gobernu taldearekin adosturiko kokagunean. Udalaren egoera ekonomikoa ebaluatu eta "azkeneko auditorian atzemandako gabezien jarraipena" egiteko kanpo auditoria egitea ere proposatzen zuen EAJ-k, 25.000 eurotan. Ekarpenon aurrean udal gobernu taldeak agertutako jarrerarekin, "beste aukera bat galdu" dela adierazi zuen Otxoak.

PSE-EE, alde
PSE-k EHBilduren 2026ko udal aurrekontuak babestea erabaki zuen. Bozeramaile Petri Romeroren esanetan, "jarrera hori, aurrekontu proiektuaren azterketa arduratsu baten ondorio da. Bertan, ez gatoz bat gai batzuekin baina aurrerapen positiboak aitortzen ditugu eta babestuko ditugu". Eskerrak helarazi nahi izan zizkion gobernu taldeari, izan ere, "40.000 euro bideratuko dira auzoetako partidak indartzera, eremuen arteko inbertsioak orekatzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko helburuarekin". Romerok sozialistek herritarrekin duten konpromisoa defendatu zuen, Usurbil "hurbilagoa, irisgarriagoa eta herritar guztiekin konprometitua" izan dadin. Halere, jakinarazi nahi izan zuenez, "PSE-EE ez dator bat auzoetan inbertsioa handitzeko funtsak ateratzeko aurrekontu-sailei buruz gobernu taldeak egindako proposamenarekin". PSE-k gogora ekarri duenez, "Udal Finantzaketarako Foru Funtsa milioi erdi euro inguru handituko da, eta HAPO indarrean sartzearekin batera, 411.000 euro sartuko dira Atsokabar lursaila saltzeagatik. Ekarpen horiek aukera ematen dute ekitaldiari egoera ekonomiko nahiko sendo batekin aurre egiteko". 

Edozein kasutan, "herritar guztien beharrei ahalik eta ondoen erantzungo dieten aurrekontuen alde lan egiten jarraitzeko borondatea" agertu zuen.