Udalbatzaren osoko bilkura

"Orain, norbaitek zainduko al gaitu gu?"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 4a

Haur eskolako langileek idatzia aurkeztu eta hitza hartu zuten azaroaren 26ko udalbatzaren osoko ohiko bilkuran. Haur eskolaren eta haien lan egoeraren etorkizunarekiko kezka agertu eta eskaera bikoitza egin zioten Udalari.

Haur eskolako langileek azaroaren 26an eginiko udalbatzaren osoko bilkurarako idatzia erregistratu zuten, galdera batekin; "orain, norbaitek zainduko al gaitu gu?". Eskaera bikoitza egin zioten udalbatzari: batetik, "Haur Eskolako langileokin komunikazio zuzena, gardena eta etengabea bermatzea, gure etorkizunari buruzko informazioa garaiz eta argi partekatuz".

Bestalde, Udalak bere gain hartzea galdegin zuten, "lanpostuen egonkortasuna eta lan-baldintzen bermearen konpromisoa", beti ere "langileon eskubideak errespetatuz eta defendatuz subrogazioaren bidez". Udalbatza aretoan ziren haur eskolako langileok hitza hartu zuten. Urte oso zaila bizitzen ari direla jakinarazi zuten, etorkizunarekiko erantzun eza tarteko, "antsietatearekin, depresioarekin".

Bizi duten errealitateari udal ordezkariek aurpegia jar ziezaieten nahi zuten. Langile guztiak izen-abizenekin aurkeztu zituzten. Erdiak bi hamarkadatik gora darama lanean, gainerakoek 5-10 urte. Idatzi bidez galdetu zuten ea zer suposatuko dien partzuergoan sartzeak, udal ordezkarien iritzia jakin nahi izan zuten. Gaurkoz ez dago erantzun argirik gobernu taldetik berri eman zutenez. "Urte eta erdi daramagu eta ez dakigu integrazioa nola egingo den", jakinarazi zuen alkate Agurtzane Solaberrietak.

Ez dakite zenbat plaza eskainiko diren Usurbilen, sei hilabete galdezka aritu arren eta ezjakintasun horretan Kalezarko eraikina berritzeko exekuzio proiektua landu beharrean dira. "Badakigu 0-2" izango dela", beraz hezitzaile gutxiago izango ditu. Hortik aurrera, hilabete ho-netan espero dute Hezkuntza Sailarekin bildu eta argibide gehiago jaso ahal izatea.

Hautatu ezinik
PSE-tik partzuergoan integra-tzeak "ordenatua, itundua eta errespetuzkoa" izan behar du, udalerri bakoitzaren hezkuntza proiektuarekin eta langileen lan egoera babestuta, elkarrizketaren bidetik. Integrazio protokoloaren zirriborroa aurkeztu dela esanda, haur eskolako langileekin izan beharreko komunikazio "zuzen, garden eta iraunkorra" defendatu zuen Petri Romerok, langileek aurkezturiko idatziari babesa adieraztearekin batera.

EAJ-k ere bat egin zuen langileon idatziarekin, haien eskaerak oinarrizkotzat jo zituzten eta. Halere, gai honi lotutako bi eztabaida desberdindu beharra zeudela aipatu zuen bozeramaile Ivan Iriondok; batetik, udal ordezkarien esku dagoen haur eskola eredua definitzeari buruzko eztabaida politikoa. EAJ-tik partzuergoan integratzearen aldekoak direla gogorarazi zuten. Hori konponduta, gero eztabaida laborala legoke jeltzaleen esanetan. Langileon "eskubideak lehen lerroan egotea aldarrikatzen dugu".

Aldarri horrekin bat egin zuen baita gobernu taldeak. Adierazi zutenez, ez daude partzuergoan sartzearen aurka, baina Udalak ez du "aukeren artean" hautatzerik izan zioten. 0-3 etaparen alde eginiko apustua, "ezabatu nahi izan da". Hezkuntza eskumenaren jabe den Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe haur eskolaren urteroko inbertsioari aurre egin ezinik izango dela Udala. Orain arte bezala, haur eskolako langileekin etengabeko komunikazioa izateko konpromisoa hartu zuen gobernu taldeak. Haien lan-baldintzei buruz zioten, baldintza onenak izan ditzaten ahaleginduko direla baina "azken erabakia ez dago gure esku".



Usurbilgo Haur Eskolako langileen lan-egoeraren eta etorkizunaren inguruko adierazpena
Aurkezten du: Usurbilgo Haur Eskolako langilegoak.
Helburua: Gure lan-egoeraren ezegonkortasuna, eta etorkizunaren inguruko kezka udalbatzaren aurrean jartzea.

Azalpena:
2023-2024 ikasturtean esleipen prozesu berri bat bizi izan genuen, hainbat aldagai kontuan izanik: doakotasuna, haur jaiotze tasaren beherapena, diru laguntzen inguruko kezka, eraikin berriaren obra…
Nola hala hasi ginen berriz ere. Oinarri batzuk finkatu, hobetu eta hiru urtez pakean egoteko ilusioarekin (3 urtetarako esleipena bait zen). Baina egonkortasunak gutxi iraun zuen.

Azaroa aldera hezkuntzak ematen zuen diru laguntzaren iturria 2025eko irailetik aurrera itxi egingo zela jaso zuen udalak eta halaxe adierazi zigun langileoi. Errealitate horren aurrean, udalak orain arteko zerbitzua ezin izango zuela mantendu esan zuen.

Egoera mahai gainean jarri eta berriz ere ekonomia eta beldurra nagusitu ziren. Proposamen desberdinak aztertu ondoren, Partzuergorako bidea hartzea erabaki zuen Udalak. Baina horrek zer suposatzen digu langileoi????

Egoera bideratu ahal izateko, urtebeteko moratoria bat luzatu zuen Hezkuntza sailak. Langilegoaren egoera kudeatzeko aldiz, jantzi juridiko baten beharra zegoela azaldu zuen Udalak. Hezkuntzari eskaera hau luzatu eta oraindik, urtebete beranduago, esku artean deus ez dutela adierazi zaigu.

Martxoaren 20an EAJ-k hauxe adierazi zuen Noauan :
“Langileen egoeraren errespetua: Prozesua egungo langileen eskubideak bermatuz egingo da, eta borondatea badago, langileek Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera izango dute”.

Egoera honen aurrean, zalantza eta ez jakintasuna nagusi diren testuinguru honetan hainbat galdera ditugu:
● Noren borondateari buruz ari zarete?
● Zer da integrazioa? Egungo langileen subrogazioa?
● Hurrengo ikasturterako matrikulazioa ate joka daukagu, zer eskeiniko du Udalak 0-2, 0-3 ?
● Zeinek beteko du lan hori?
● Urtebeteko moratoria honetan langilegoaren egoera bideratzeko denbora legala ematen ez bada, zer egingo du udalak?
● Noiz emango zaio gai honi itxiera?

Beraz, udaleko ordezkari guztiei eskatzen dizuegu:
1. Haur Eskolako langileokin komunikazio zuzena, gardena eta etengabea bermatzea, gure etorkizunari buruzko informazioa garaiz eta argi partekatuz.
2. Udalak bere gain har dezala lanpostuen egonkortasuna eta lan-baldintzen bermearen konpromisoa, Partzuergoarekin edo beste erakundeekin (Ikastola) dituen akordioetan, langileon eskubideak errespetatuz eta defendatuz subrogazioaren bidez.

Zaintzaren eredua den herri honetan, 25 urte hauetan zehar haur eta familia ugari jaso ditugu gure eskuetan, zaintza oinarritzat hartuta; ibilbide luze eta ziurgabeak honeraino ekarri gaitu eta ORAIN, NORBAITEK ZAINDUKO AL GAITU GU?.

Usurbilen, 2.025eko azaroaren 18an.

Sinatzen dute:
Usurbilgo Haur Eskolako langileak