Bake epaitegiari lotutako erabaki bat ere hartu zuen udalbatzak. Izan ere, orain arte bezala, bake epaile herrikidea izaten segiko du zerbitzu horrek; Agustin Esnaola Etxabe arituko da zeregin horietan. Gogoan izan, irailaren 25eko osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak hautaketa prozedura abiaraztea, aurreko lau urteko izendapen aldia agortu ostean. Gerora zabaldutako hilabeteko epealdian hautagai bakarra aurkeztu da, Esnaolarena. Udalbatzak aho bateko onespena eman zion hautagaitza horri, azken osoko bilkuran.
Udal langileak
Udal langileei lotutako zenbait erabaki ere hartu zituen udalbatzak saio berean. Batetik, haiek telelana egin ahal izateko erregelamendua hasieraz eta aho batez onartu zuen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 30 eguneko alegazio epealdia zabalduko dute. Tarte horretan halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko dute. Gobernu taldetik berri eman zutenez, araudi berak sistema mistoan aritzea ahalbidetuko du. Baina udal sail bakoitzak uneoro %50ean bermatu beharko du gutxienez zerbitzua presentzialki eskaintzea.
Udal langileei lotuta ere, batetik, 2026ko udal plantilla organikoa hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Hamabost eguneko alegazio epealdia zabalduko dute laster. Tarte horretan halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko da. Bertan, "bi plaza sortzeko beharra ikusi eta aztertu da", gobernu taldearen arabera; berdintasun eta aniztasun teknikariaren plaza baita iturgin ofizialaren bigarren kontratazioarena ere, lan bolumena handitu izanagatik.
Horrekin batera, urtero udal lanpostuen zerrenda onartzen dute. Aurten, hala egingo dute baina urteko azken osoko bilkuran. Izan ere, 2025ekoan aldaketa bat sartzea proposatu eta onartu zuen udalbatzak aho batez iragan asteko saioan. Hain zuzen, Arkitektoa/Hirigintza, Obrak eta ingurugiro saileko burua lanpostuan titulazio eguneraketa bat txertatzea proposatu eta aho batez onartu zuten. Erabaki horren berri jakinarazi du Udalak ostegun honetako, abenduaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.