Agerraldia egin dute Buruntzaldeako gazte independentistek larunbat iluntze honetan, abenduaren 6an, Usurbilgo Mikel Laboa plazan, "ez gara españolak. Euskaldunak gara. Gazteok independentzia" aldarripean. Segidan duzuen adierazpena plazaratu dute. Bertan irakurri ahal duzuenez, abenduak 6 ditu gaur, 47 urte bete ditu Espainiako Konstituzioak. Baina gazte independentistok gogora ekarri moduan, "Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko". Antidemokratikotzat jo duten 78ko erregimenaren abiapuntua izan zela oroitarazi dute. Horregatik, "orduan bezala, gazteok ez dugu Espainiako Konstituzioa onartzen", nabarmendu dute Mikel Laboa plazako agerraldiaren bidez.
Horren aurrean, eraldaketarako espaziotzat jotako Euskal Herri honetan ezinbestekotzat jo dute, "erabaki propioak hartzeko gaitasuna eskuratzea. Espazio guztietan arakatzea dagokigu, hau da, burujabetza kuotak eremu guztietan irabazi behar ditugu. Horregatik, nazio auzia erdigunean kokatu eta nazio gatazka ikustaraztea dagokigu".
Testuinguru horretan, "independentziaren alde lerratu eta gazteon bizitza duinak bermatuko dituen estatua eraikitzea", horiek dira gazte agerraldia eskaini dutenen esanetan, Euskal Herriko gazteek dituzten aukera bakarrak. Bide horretan, "gazteon bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herria askea" eraikitze bidean, abenduaren 13an, Buruntzaldeako gazte independentistok deitutako Independentziara Egunarekin bat egitera deitu dute.
Abenduak 6: Konstituzioaren aurkako eguna
Berrogeita zazpi urte dira Espainiako Konstituzioa onartu zenetik. Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko. Orduan bezala, gazteok ez dugu Espainiako Konstituzioa onartzen. Gaurkoa borroka eguna da. Izan ere, konstituzioak 78ko erregimen antidemokratikoa ezarri zuen.
Herri honek konstituzioak suposatzen zuen iruzurra ulertu zuen eta gai izan zen diktadura faxistaren zuritze operazioa antzemateko eta horri planto egiteko. “Atado y bien atado” dio diktadorearen esaldia famatuak, konstituzioaren sintesi ezin hobea, alegia. Diktadurak Euskal Herrian errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen. Hori ez zen kasualitatez gertatu, frankismoak ondo baitzekien, kultura, hizkuntza eta borondate politiko propioa duen nazio bat existitzen dela. Eta bere esku izan zituen tresna guztiak erabili zituen horiek ezabatzeko.., konstituzioa eta egungo espainiar estatuaren hezurdura osoa premisa antidemokratiko baten egituratua izan da. Horregatik, espainiar estatuaren oinarriak kolokan jartzen dituzten aldaketa demokratizatzaileak mahai gainean jartzerakoan, horren aurka altxatzen den erreakzioa izugarrizkoa da.
Espainiar estatua demokratizaezina da eta estaturik gabeko nazioentzat eskaintza bakarra du; sumisioa edo zapalkuntza. Horren aurrean, Euskal Herriak ez du atzerapausorik eman. Euskal Herria kontzientzia politiko eta sozial propioa duen herria da. Herri honetako mugimendu sozialek hamarkadetan zehar zimendatutako baldintzei esker eraldaketarako espazioa da Euskal Herria.
Horretarako, erabaki propioak hartzeko gaitasuna eskuratzea ezinbestekoa dugu. Espazio guztietan arakatzea dagokigu, hau da, burujabetza kuotak eremu guztietan irabazi behar ditugu. Horregatik, nazio auzia erdigunean kokatu eta nazio gatazka ikustaraztea dagokigu. Izan ere, nazio gatazka 78ko erregimena eta haren elite ekonomiko eta politikoek ezartzen duten antolaketa sozial eta ekonomikoa inpugnatzeko gaitasun handiena duen ardatza baita. Abagune historikoa baliatu eta geroz eta gehiago izan behar gara independentziaren alde bultza egiten dugun gazteok. Une honetan Euskal Herriko gazteok bi aukera besterik ez baititugu: independentziaren alde lerratu eta gazteon bizitza duinak bermatuko dituen estatua eraikitzea.
Beraz, baliatu dezagun unea eta ekin diezaiogun gazteon bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herria askea eraikitzeari! Horregatik, Buruntzaldeako gazte independentistok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 13an Usurbilen.
Gazteok independentzia!!!
Gora Euskal Herria askatuta!