Abenduak 6

2013an behartu zuten Udala gaur kendutako ikurra ezartzera

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 6a

Azken orduotan udaletxeko balkoitik kendutako ikur espainiarra jartzera behar zuten Usurbilgo Udalak 2013ko udaberrian.

Azken orduotan Ernaik jakinarazi duenez, udaletxeko balkoian zegoen ikur espainiarra kendu dute, hain zuzen, Espainiako Konstituzioak 47 urte bete dituen larunbat honetan, abenduaren 6an, "estatu espainiarrak Euskal Herriarekiko gauzatzeko duen ukazioa eta zapalkuntza salatuz".

2013an behartu zuten Usurbilgo Udala espainiar ikur hori jartzera udaletxeko balkoian. Orduan, "2011ko azaroan Estatuko Abokatuak Usurbilgo Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea agindu zion: Espainiako bandera udaletxearen balkoian jartzea", 2013ko apirila amaieran garaiko udalbatzak eginiko osoko bilkuran Bilduk eta Aralarrek aurkeztu eta udalbatzak gehiengo osoz onarturiko mozioak.

Testu horren bidez, espainiar bandera jartzera beharturiko “legearen inposizioa” salatu eta “bere erabateko desadostasuna” agertu zuen garaiko udalbatzak.

Mozioak gogora ekarri zuen 2011az geroztik ordura arte izandako prozedura judizialaren bidea.  "Aurrera jarraitu du, aginduaren ondoren errekerimendu, auzi-eskea eta, azkenik, epaiaren forma hartu arte. 2012ko urrian, epai horren kontra helegitea tartekatu zuen Usurbilgo Udalak eta Auzitegi Nagusia azken epaia ematekotan dago", gogorarazi zuen. Heltzear zen unearen harira, aurreikusi zutenez, "Espainiako Gobernuak usurbildar gehienak ordezkatzen ez dituen ikurra inposatzen digu eta halabeharrez, gure sentimendu eta nahien kontra, laster etorriko den epaia, irmoa izanda, bete beharrean aurkituko gara".

Ikurriñari herri omenaldia
Udalbatza hartatik egun gutxira, 2013ko maiatzaren 4an, bandera espainiarra jartzeko Udalak jasotako aginduari, ikurriñari eginiko omenaldi batekin erantzun zion herri honek. Horrekin batera, balkoi eta leihoetan ikurriñak jartzera deitu zuten.

1977ko urtarrilaren 19an ikurriña legeztatu eta udaletxeko balkoira itzularaziz geroztik ordura arte, 2013ra arte herri honek izandako alkateen babesa izan zuen udaletxe atarian eginiko ekitaldi hark. Bertan,  adierazpena plazaratu zuten. Honela zioen: "Espainiar estatuak hala aginduta, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera behartuta dago Usurbilgo udala. Hala, eta 1977ko urtarrilaren 19an udaletxe honetako batzar aretoan egin zen biltzar hura gogora ekarriz, honako hau aldarrikatu nahi dugu: Ikurriña dela usurbildarrak ordezkatzen gaituen ikurra. Inposatu nahi dizkiguten banderek ez dituztela herritar gehienak ordezkatzen eta lege batek indarrez behartuta soilik jarriko dela Espainiako bandera Usurbilgo udaletxeko balkoian".

Segidan duzue adierazpen hura osorik baita egun batzuk lehenago udalbatzak gehiengo osoz onarturiko mozioa ere:

Udalbatzak 2013ko apirila amaieran onarturiko mozioa
INPOSIZIOAREN AURKA; IKURRIÑA GUREA
2011ko azaroan Estatuko Abokatuak Usurbilgo Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea agindu zion: Espainiako bandera udaletxearen balkoian jartzea.

Prozedura judizialak aurrera jarraitu du, aginduaren ondoren errekerimendu, auzi-eskea eta, azkenik, epaiaren forma hartu arte. 2012ko urrian, epai horren kontra helegitea tartekatu zuen Usurbilgo Udalak eta Auzitegi Nagusia azken epaia ematekotan dago.

Espainiako Gobernuak usurbildar gehienak ordezkatzen ez dituen ikurra inposatzen digu eta halabeharrez, gure sentimendu eta nahien kontra, laster etorriko den epaia, irmoa izanda, bete beharrean aurkituko gara.

Honengatik guztiagatik, BILDU eta ARALAR alderdiek mozio hau aurkezten dugu Udal Batzarrean onartua izan dadin:

1. Usurbildar gehienen sentimenduen kontra espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi du Usurbilgo Udalak eta bere erabateko desadostasuna adierazi.

2. Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean.

3. Herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa izanda, neurri honek usurbildarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena.

4. Ikurriñak merezi duen presentzia izan dezan Udaletxearen ingurunean, Joxe Martin Sagardia plazan modu iraunkorrean present egongo den masta eta ikurriña jarriko ditu Udalak.

5. Ikurriñaren omenez maiatzaren 4an ospatuko den ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu usurbildar guztiei, etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko eskaera eginez.


2013ko maiatzaren 4ko ikurriñaren omenaldian plazaraturiko adierazpena:
"1977ko urtarrilaren 19an Euskal Herriko zenbait alkateek sustaturiko ekimenari jarraituz, udaletxeko batzar aretoan bildu zen Usurbilgo Udala osatzen zuen udalbatza. Egun hartan, ikurriña ofizialki aintzatetsi zuen mozioa aurkeztu eta onartu zen. Mozioa jasotzen duen aktak honako lerro hauek erakusten ditu, besteak beste: gure nahietako bat, gure bandera edo ikurriñaren onarpen ofiziala da. Gure herriarenak diren berezko eta legezko eskubideak aldarrikatzen dituen ikurra baita. 

San Sebastian bezpera hartan, ia 41 urtez ezkutuan egon zen ikurriña berriz itzuli zen Usurbilgo udaletxeko balkoira. Gordean pasatako orduak ez dira berreskuratzen. Baina memoria bai. Ikurriñak memoria duelako Usurbilen. Behar zuen eta merezi zuen lekua hartu zuen, eta harrez gero hemen izan du bere tokia, herriko banderarekin batera. Gaurko egunez, ikurriña udaletxe honetako balkoira itzuli zenetik gaur egunera arte, Usurbilgo alkate izan garenok udaletxean biltzeko beharra ikusi dugu. Gutariko bakoitza buru izan den agintaldietan, geure burua eta usurbildar gehiengoa ordezkatzen dituen ikurriña izan dugu udaletxeko balkoian. 

Orain aldiz, espainiar estatuak hala aginduta, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera behartuta dago Usurbilgo udala. Hala, eta 1977ko urtarrilaren 19an udaletxe honetako batzar aretoan egin zen biltzar hura gogora ekarriz, honako hau aldarrikatu nahi dugu: Ikurriña dela usurbildarrak ordezkatzen gaituen ikurra. Inposatu nahi dizkiguten banderek ez dituztela herritar gehienak ordezkatzen eta lege batek indarrez behartuta soilik jarriko dela Espainiako bandera Usurbilgo udaletxeko balkoian. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten, aitzitik ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu. Baina era berean, argi dugu nongoak garen eta zer ordezkatzen gaituen eta ez dugu nahi, behin eta berriz nongoak izan behar dugun errepikatzen digun ikur bat. Administrazio arrotzaren aurrean kalea da, herriaren bilgunea. Horrexegatik plazan emango zaio leku berria, ikurriñari. Tamainan txikia den herria, beste edozein bezain handia dela erakusteko. Aspalditik gatoz eta urrutira goaz.

Usurbilen, 2013ko maiatzaren 4ean"