Ostiralaz, abenduaren 5az geroztik zabalik den 60. Durangoko Azokan etenik gabe egiten ari zaie tartea Usurbilgo sorkuntzari eta sortzaileei. Hainbat ekitaldietan herri honetako kultur ordezkaritza parte hartzen ari da. Esaterako, Mihise musika taldeak "Ahaldatu" izeneko bere bigarren lan berria aurkeztu zuen kontzertu bidez ostiral arratsaldean. Albiste honi atxikitako bideoetako batean ikus dezakezue emanaldia, EITB-k streaming bidez eskainitako zuzeneko saioaren baitan.
Bestalde, Yolanda Arrietak idazketari buruzko mahainguruan eta "Su txikian" ipuin kontaketa saioan parte hartu zuen.
Larunbat honetan, abenduaren 6an, Argiaren “Bizi baratzea: lurrari begiratzen diogunon orria” aurkeztu du Jakoba Errekondok. Hik Hasi-k, bestalde, “Heziketa librea” liburuaren aurkezpenean parte hartzekoa zen Olatz Lasagabaster herrikidea.
Aipatu moduan, herrikideak partaide dituzten ekitaldi gehiago izango dira hurrengo egunotan ere, abenduaren 8an azoka itxi arte.
Joseba Tapiak, aldiz, bere bakarkako hamargarren sorkuntza lana, "Mister Eleizegi" izenekoa eta Ilargi Arrizabalaga Alberdik bere bigarren diskoa, "Dolu(s)min" izenekoa (sinatzen arituko da azoka egunetan) aurkeztuko dute igande honetan, abenduaren 7an. Ilargiren emanaldia EITB-k zuzenean eskainiko du streaming bidez. Horren bideoa albiste honi atxikia duzue.
Kulturaldiaren baitan Alex Tellok Sutegin proiektaturiko "Animo" filma ere aurkeztuko dute azoka berean igandean.
Herri honekin lotutako hitzordu gehiago ere programatu dira; esaterako, udalerri hau kide duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa aurkeztu dute. Usurbilen egoitza duen Iñurri elkartea partaide duen "Ama" liburua ere aurkeztuko dute.
Egitarau horretan, gainera, Akelarre musika taldearen dokumentalaren aurkezpena ere txertatu dugu. Izan ere, ikus-entzunezko lan horretarako hainbat irudi Usurbilen grabatu baitituzte eta Durangoko Azokaren ondotik, Aginagan eta Zubietan (abenduaren 12an) eta Sutegin (abenduaren 14an) proiektatuko dute.
Gauza bera, ETB-ren Irabazi Arte telesailaren kasuan ere. Neguan estreinatuko duten denboraldi berrirako zenbait eszena udalerri honetan grabatu zituzten uda partean; besteak beste, Askatasuna plazan edota Errekatxikiko parkean.
Usurbilgo herri ordezkaritza eta sorkuntza 60. Durangoko Azokan
Abenduak 7, igandea
10:30-12:30/ 15:30-20:00 Sinadurak: Ilargi. Musikaren Plaza 028 postuan.
11:00-12:00 Atartea-Durangoko Museoan: Lanartearen liburu aurkezpena eta mahaingurua.
Zehaztasunak: “Liburua 16 elkarrizketaz osatuta dago, euskal kulturgile beteranoei egindakoak denak, eta euren hastapenak eta orduko ametsak, hasi zireneko kultur giroa, euskal kultur sistemaren bilakaera eta egungo egora dituzte hizpide. Elkarrizketatuak dira, zehazki: Andoni Egaña (bertsolari eta idazlea), Xabier Amuriza (bertsolari eta idazlea), Edorta Jimenez (idazlea), Mixel Ducau (musikaria), Klara Badiola (aktore eta bikoiztailea), Mizel Theret (dantzaria), Xabier Olarra (itzultzailea), Asun Garikano (itzultzailea), Mikel Martinez (aktorea), Joseba Tapia (musikaria), Itxaro Borda (idazlea), Arantxa Urretabizkaia (idazle eta kazetaria), Kepa Akixo Zigor (margolari, eskultore, poeta), Yolanda Arrieta (idazlea), Miren Agur Meabe (idazlea) eta Dani Fano (komikilaria, irudigilea)”.
13:20-13:50 Ahotsenea Musika-Plateruenan: Ilargiren “Dolu(s)min” disko aurkezpena.
14:30-15:00 Talaia-Landakogunean: “Mister Eleizegi” Joseba Tapiaren bakarkako hamargarren diskoa aurkeztuko du Tapiak berak eta Koldo Izagirrek.
16:00-16:30 Atartea-Durangoko Museoan: “Ama” liburuxkaren aurkezpena. Urtzi Ugalde, Iñurri elkartea, Trinchera.
Zehaztasunak: ”Iñurri elkartearekin eta Trinchera edizioekin elkarlanean argitaratuko dugun artefaktua edo liburuxka da. Poema eta marrazkiz osatua. Minbizia Heriotza, amatasuna, maitasunaren gaiak jorratzen dituena. Hitzaurrea Jon Maiak egin du”.
18:00-19:50 Irudienea-Zugazan: Alex Tello Arostegiren “Animo” film emanaldia.
Zehaztasunak: “Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea. "Animo" euskal zine independentea eta auto-finantzatua da, aktore ezagun eta ezezagunen laguntasunarekin egindako film luzea. "Animo" familia, homosexualitatea eta eguneroko hainbat egoera da, ikuslearentzako identifikagarriak gertatuko direnak. "Animo"-k Telmo Iruretaren interpretazioak inklusioari beste buelta bat ematen dio. "Animo" kalitatez egindako egungo fikziozko drama da, umore ukituekin, ilustrazio eta musika esanguratsu ugari duena. "Animo" 2017an “Azken muxua” laburrarekin hasitako film luzea da, non gidoia filma egin ahala eraikitzen joan den”.
Abenduak 8, astelehena
10:30-18:00 Sinadurak: Ilargi. Musikaren Plaza 028 postuan.
11:00-12:50 Irudienea-Zugazan: “Akelarre: marearen kontra” dokumentala. Xabier Zabala eta Carlos Iglesias.
Zehaztasunak: “Akelarre: marearen kontra" luzemetrai dokumentala da, Akelarre bandaren bitartez musikaren pasioa eta indarra jorratzen dituena, 30 urteetan zehar bizi izan duen eta milaka lagunen bizitzetan sartzeko erabili duen pasio edo indar berbera. Dokumental hau musikaren bidez bizitza ulertzeko modu baten aitorpena da”.
12:00-13:50 Irudienea-Zugazan: ETB-ren “Irabazi arte telesailaren 5. denboraldia.
Informazio gehiagorako: durangokoazoka.eus