Artisau Azokaren, Hurbilagoren Udazkeneko Azokaren eta Erle Egunaren ondotik, aurtengoz azoken zikloa borobilduko duen hitzordua badator; NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko San Tomas azoka.
Ohi bezala, abenduaren 21eko San Tomas egunaren aurreko igandean ospatuko dugu, oraingoan, hilaren 14an Usurbilgo frontoian.
Girotua
Hainbat postuetan barrena osteratxoa egiteko aukera izango duzue. Horien artean, gogoan izan, Zuberoako ikastolak laguntzeko bertan ekoitzitako produktuen otarrak eskatuak dituzuenok, Nafartarrak taldearen postuan jaso ahalko dituzue.
Ikastetxeek ere postu bana izango dute, bai Aginagako eskolak zein Udarregi ikastolak. Agingakoak eskulanena; Udarregikoek DBH4koena, ikasturte amaierako bidaia finantzatzen laguntzeko. Haurrentzako apaingarri tailerra ere izango da.
Ez da musikarik faltako, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute eta aurtengo edizioa. Jan-edana ere izango da; talo, gaztain erreak, gozoak eta bestelako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da eta.
Etxean egindako babarruna ikusi eta sagardoa dastatu ahalko duzue. Bai, lehiaketara aurkezturikoak. Izan ere, sagardo eta babarrun lehiaketak izango dira aurtengoan ere azokan. Usurbilgo etxe eta baserrietan ekoitzitako jaki eta edari onenak sarituko ditu igandeko hitzorduak, goizean zehar lanean jardungo duten epaimahaiek. Haien hautaketa lana ere zuzenean ikusi ahalko da, urtero moduan. Hiruna sari banatuko dira, azokaren amaieran:
1. saria: 300 euro eta txapela.
2. saria: 150 euro eta kopa.
3. saria: 60 euro.
