Amaitzear dugu 2025a. Akabo, aurtengoak ere berea egitear du, NOAUA! K.E.-ren argitalpenen antzera. Izan ere, papereko azken astekariak kaleratzear ditugu. Abenduaren 12an eta 19an jasoko dituzue postontzian urteko azken aldizkariak. Azkenekoa, gainera, hilaren 19koa, ohi baino mardulagoa izango da; gabonetako gehigarriarekin eta 2026ko egutegiarekin batera helduko zaizue eta.
Horren harira, azken argitalpen horiei begirako oharra segidan. Gabonetako gehigarrirako oharrik baduzue, ostegun hau, abenduaren 11 baino lehen helarazi beharko dituzue, hilaren 19ko aldizkarirako hilaren 15a baino lehen, ohiko bideotatik: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321.
Bazkidetza
Gogoan izan, kultur elkarte honetako bazkide izateko aukera duzue. Hartara, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Elkarte honek lotutako dinamikei dagokienean, gogoan izan; hurrengo ekintza, igande honetarako, abenduaren 14rako antolatu dugu, 11:30etan hasita, frontoian izango den San Tomas azoka.
Horrez gain, urtean zehar publizitatea jarritakoen eta bazkideon artean zenbait otar zozketatuko ditugu egindako ekarpena eskertzeko. Adi, beraz, eta zorte on!