Akabo, ia hilabetez gure artean izan diren Gure Zirkukoen emanaldiak. Azaroaren 14tik abenduaren 7ra hamasei emanaldi eskaini dituzte Urbil merkatalguneko aparkalekuan. Ikuskizun guztietarako sarrerak agortuta heldu dira hitzordu horietara guztietara; tartean, Zeatikez talde donostiarraren kontzertua ere programatu zuten.
Aurtengo zortzigarren bira amaieraren baitako azken saioa, igande honetan, abenduaren 7an eskaini dute. Hura amaituta, desmuntaketa lanei ekin eta aipatu moduan, badoaz gure artetik, Tolosara. Bertan agurtuko dute azken txanpa hau.
Leku aldaketa egin aurretik, ordea, sare sozialen bidez, eskertza mezua helarazi nahi izan diete asteotan Gure Zirkura joandakoei. "A ze jendetza etorri zaiguna, bizi urrun ala hurbil!! Eskerrik asko guzti-guztioi; haur, heldu, adineko, familia, bikote edo lagun talde. Gozatu ederra hartu dugu!! Tolosa... bagoaz!!!", iragarri dute.
Urtarrilera arte
Abenduaren 26tik urtarrilaren 11ra ikuskizun zikloa iragarri dute Tolosan. Girotzeko, gainera, hilaren 23an, "Gure umorea" komedia jaialdia alor horretan eragiten diharduten aurpegi ezagun ugarirekin. Sarrerak eskuragarri dituzue gurezirkua.eus atarian.