Medikuak grebara deituak gaurtik, "estatutu propio baten alde"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 9a

Lau eguneko grebara deituak daude gaurtik ostiralera, ospitaleetako eta anbulatorioetako medikuak Hego Euskal Herrian eta baita estatu osoan ere. 

Astearte honetatik, abenduaren 9tik aurrera, grebara deitu dituzte medikuak lau egunez, hilaren 12ra arte, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak aurkezturiko Estatutu Markoaren lege aurreproiektuaren kontra eta Estatutu propio baten alde.

Greba horren deitzailea da Euskadiko Sendagileen Sindikatua. Estatu mailan CESMek eta Sindicato Médico Andaluzek eginiko greba deialdiarekin bat egin du aipatu sindikatuak. Atxikimendua adierazi dio baita, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak; "babes irmoa eta baldintzarik gabekoa" adierazi dio deialdiari.

Elkargo horren esanetan, "mobilizazio horiek egoera jasanezin bati erantzuten diote: herritar guztiek jasotzen duten osasun-arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan-baldintza duinen aldeko borroka dira. Medikuen egoera kritikoa da eta osasun publikoak bizi duen egoeraren isla baino ez da: lan-gainkarga, langile-falta, agenda onartezinak eta profesionalen osasuna eta pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen dituen prekarizazio kezkagarria. Hori dela eta, Elkargoak protestekin bat egiten duten profesional guztiei beren babesa eskaini nahi die".

Elkargo horren esanetan, "aspaldidanik ez dira kontuan hartzen ari osasun-sistemari eusten diotenen behar eta eskaerak, guztiz bidezkoak direnak, eta Osasun Ministerioak aurkeztutako Estatutuaren lege-aurreproiektuak iraganeko zauriak okertu besterik ez du egiten. Hori dela eta, Elkargotik gure lanbidearen berezitasunarekin bat datorren Estatutu propioa eskatzen dugu mediku profesionalentzat".

Estatu Propioa izateko eskaerarekin bat egin du Gipuzkoako Medikuen Elkargoak,  "funtsezko arrazoi batengatik: beren jarduera funtsezko zerbitzua da, eta lan-, prestakuntza- eta erantzukizun-ezaugarri paregabeak ditu, egungo zirriborroan behar bezala arautu eta babesten ez direnak. Horregatik guztiagatik, lege-esparru propioa eskatzen da, kalitatezko osasun-laguntza bermatuko duena eta, aldi berean, lanbide-jardunaren duintasun-baldintzak errespetatuko dituena.

Gutxieneko zerbitzuak finkatu dira egunotarako anbulatorio eta ospitaleetan.

Hauek dira, Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren aldarrikapen nagusiak:

  • A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi-mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun-eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
  • Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok BORONDATEZKOA eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen 3 urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
  • Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da 17 ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
  • Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
  • Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
  • Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik INDEPENDENTEA
  • LEPak: Oro har, merezimendu-lehiaketa bidez egingo dira.
  • Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku-jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren % 100 zenbatuta.
  • Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
  • Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
  • Lanbide Garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
  • BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean 4 baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren % 150 jasoko du gutxienez.
  • BAME ordezkaritza: Autonomia-erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.