Badator negua eta negu hasierarekin, asteetan luzatuko den ospakizun zikloa eta oporrak, merezitako eta estimatutako oporraldia haur eta gazteentzat. Atseden egunak izan arren, nahi duenak aspertzeko tarte gutxi izango du Usurbilen antolatu diren ekimenekin. Ekitaldi eskaintza zabal hori eskuorri batean bildu eta plazaratu berri du Usurbilgo Udalak. Segidan duzue.
Abenduaren 14tik urtarrilaren 5era arte hamaika hitzordu izango dituzte Usurbilgo herri eta auzoetan; tailerrak, parkea, Mari Domingiri eta Olentzerori harrera egiteko hitzorduak, magia ikuskizuna, Hurbilago San Silbestre herri lasterketa, abesbatzen kontzertua, erregeen kabalkada...
Egitarau zabal askoa osatu dute, hainbat herri eragileek eta Udalak lankidetzan. Ekintza hauek guztiek gogotik girotuko dute herri bizitza hurrengo asteotan; baita apaingarriek ere. Izan ere, Jokin Eizagirrek sortutako etxetxo argiztatu eta gainerako apaingarriak jarriko dituzte ez soilik herri erdigunean; iaz bezalaxe, baita Usurbilgo herri eta auzoetan ere, alegia, Txokoalden, Santuenean, Zubietan, Aginagan eta, oraingo honetan, Kalezarko Belmonte kalean ere bai, Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez.
Mari Domingi eta Olentzero ere Mikel Laboa plazan kokatuko dituzte. Abenduaren 23an eta 24an gure artean kalejiran izango dira bi pertsonaia estimatuak. Egunotan jartzekoak dituzte herriko hainbat guneetan, haiei gutunak biltzeko postontziak.
