"Akelarre: mareren kontra"

"Mugimendu handia genuen Usurbilen"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 10a

"Akelarre: marearen kontra" dokumentala proiektatuko da asteburuan Aginagan, Zubietan eta Usurbilen. Euskal Herriko musika talde ezagunaren jatorria eta ibilbidea errapasatuko dituen ikus-entzunezkoak mugarri izandako herri hau eta bertan bizitakoa erakutsiko digu.

2000. hamarkada erdialdera agurtu ziren zaletuengandik, gero 2018an itzuli ziren azken bira egiteko. Berriz bueltatu dira azkenaldian, ikus-entzunezko baten eskutik. 1972-2005 urte artean Euskal Herriko hamaika plaza dantza batean jarritako Akelarre musika taldeari buruz ari gara; haien "marearen kontra" izenburutzat daraman dokumentala proiektatuko dute asteburuan Aginagan, Zubietan eta Usurbilen.

Azken bi urteotan ekoitzi du ikus-entzunezkoa Durangaldeko Bideografik ekoiztetxeak. Une egokitzat jo du bertako kide eta dokumentalaren zuzendarietako batek, Carlos Iglesiasek berezitzat jo duen proiektu honen gauzatzea; "batzuk jubilatuak daude, beste batzuk musikatik kanpo dira. Une ona zen film bat ekoitzi eta ibilbide hori borobiltzeko". Akelarreko bi kideren eskutik jaso zuten hain zuzen, ibibide horren amaiera irudikatzeko proposamena, duela bi urte pasatxo. 2025ean erabaki dute egindako lanaren emaitza kaleratzea. Izan ere, "taldeak Gorria izeneko bere azken diska kaleratu zuteneko hogeigarren urteurrena bete da".

Akelarreren jatorriaz, ibilbideaz mintzo da dokumentala. "Plaza talde oso famatua izan zen. Ekarpen handia egin zion kulturari eta euskarari", nabarmendu digu Iglesiasek. Taldea Franco hil aurretik sortu zen, testuinguru hartan, euskarazko abestien errepertorio batekin. "35 bat urtez plazetan kontzertuak ematen, errekorra da. 160 bat kontzertu bai urte hoberenetan. Talde famatua izan zen eta mu-sikari oso onak eta trebeak izan zituen. Sormen fabrika bat izan zen", dokumentalaren zuzendariaren esanetan.

Ibilbide hain oparo eta luzea izandako taldearen ibilbidea 80 minutuko ikus-entzunezko lan batean laburbiltzea ez da lan erraza izan egileentzat. "Lau dokumental egiteko" adina material izan dute eskuartean. "Artxibo material asko dugu, lekukotza asko dago. Ez da bakarrik Akelarreko taldekoen ikuspuntua jasotzen, baita jarraitzaileen lekukotzak, adituen edo kazetarien testigantzak... denetarik dago", aurreratu digu Iglesiasek. Emaitzarekin eta prozesu hau Akelarrekoekin partekatu izanagatik pozik da.

Usurbilgo grabazioa
Besteak beste, Usurbilen grabatu dute ikus-entzunezkoa, hartueman estu askoa izan zuen eta taldeak herri honekin. Mugarri izandako une historikoa bizi izan zuen Akelarrek Usurbilen. 1987ko urriaren 30ean izan zen. Goraino betetako herri honetako frontoian Akelarrek "Gauero Zuzenean" diska grabatu zuen bertan. "Sasoi hartan izan zen gauza oso potentea, ia inork ez zuen grabatzen zuzenean. Taldearentzat oso garrantzitsua izan zen eta teknikoki grabazio oso zaila", Iglesiaren esanetan. Une hartatik haratago, beste hamaika kontzertu eskaini zituzten urte askotan Usurbilgo auzo eta herrietako festetan. "Zaletu sutsuak daude bertan", ekarri digu gogora.

1987ko Akelarreren diskoaren zuzeneko grabazio hartan izandako bi taldekide agertuko dira dokumentalean ere, Usurbilen grabatutako pasartean; Aitor Amezaga eta Jexuxmai Lopetegi. Lopetegi hain zuzen, Sutegiko proiekzioan izango da igande arratsaldean. Herri honekin  izandako hartueman estua agerian uzten duten hainbat oroitzapen partekatu ditu hedabide honekin. "Mugimendu handia genuen Usurbilen", izan jaietako kontzertu jendetsuak edota lehen aipaturiko 1987ko zuzeneko disko grabaketa hura zela. Tartean zen, aipatu moduan, Lopetegi. "Orduko grabazioak analogikoak ziren. Eskola zaharrean grabatu genuen", oroitarazi digu.  Probak egiteko frontoian azpegitura guztia muntatu zutenekoa gogoan du, nola "Usurbilgo gazte kuadrilla batek zaindu zituen gauapasa eginez, gure traste horiek. Haien artean zen Inaxio Usarraldez oroitzen naiz". Herri honi oso eskertua agertu da, "eman zizkigun erraztasunengatik". Ordutik ez dute ahaztu; "lagunak egin ditugu Usurbilen". Era berean, eskertuak daude baita ekoiztetxekoek eginiko lan profesionalarekin.

Gogora ekarri digunez, garai hartan Akelarrekoak izan ziren "zuzeneko diska bat grabatzen lehenengoetarikoak". Madriletik teknikari bat nola ekarri zuten oroitu du. Garai hartan bezala, gutxik egindako dokumentala aurkeztuko digute asteburuan. Sorkuntza lan estimatutzat eta errefererentzat du Lopetegik, Usurbilen 87an grabatutakoa. "Minxoriak taldeak disko horretako hiruzpalau kanta jotakoak dira", ekarri digu gogora.

"Gurea egina dago"
Lerro horietakoa ez da Usurbilen bizi izandako une historiko bakarra izan. Bi urte lehenago hain zuzen, 1985eko uztailaren 7an, Usurbilgo jaietan izan ziren baita kontzertua eskaintzen. Lopetegik iltzatua du oroimenean gau hura. "Afaltzetik irten eta oholtza gainera igotzera goazela, jendartean algara handia zegoen", oroitarazi digu. Zer gertatzen ari ote zen galdetzen hasi eta "zalaparta horretan jakin genuen Martutenetik ihes egin zuela Sarrik. Ospakizun handia izan zen. Jendea xanpaina ere edaten aritu zen".

Akelarreren kontzertuen tamaina definitzen zuten bi bereizgarri nabarmendu dizkigu; baliabideak batetik. "Ekipo handiena eramaten zuena izaten zen. Kontzertutik haratago, ikuskizuna ere bazen". Emanaldi biziak izaten ziren, etenaldirik gabekoak. "Kanta batetik bestera ere ez genuen inongo tarterik uzten. Orduan, horrek egiten zuen plaza beti betea egotea". Taldeko kideak profesionalki dedikatzen ziren Akelarrera. "karrera egin genuen, musikara dedikatu genuen gure ogibide guztia". Bitarte horretan, "Euskal Herria osoa pasa genuen, arrakasta handiz".

Ikus-entzunezko bidezko Akelarreren itzulera hau behin betiko agurra den galdetuta, baiezkoan dela erantzun digu Lopetegik. "Asko gara eta egon daiteke beste ikuspegirik", baina "gurea egina dago". Akelarre zaletuek, beraz, oroitzapen zaharrak berritzeko aukera ederra izango dute asteburuan, hurbiletik bizi izan ez zutenek taldera gerturatu ahalko dira. "Ezagutzen gaituenak sorpresak hartuko ditu dokumental honetan eta ezagutzen ez gaituen gazte belaunaldi berriak aukera izango du jakiteko, Franco hil hurrengo plazak euskaratu genituela".

Bere esanetan, ekoiztetxeak ikus-entzunezko lan borobil bat osatzea lortu dute, lekukotzekin nahiz eskaintzen den informazioarekin. Harrera bikaina izaten ari da Euskal Herrian barrena izaten ari diren proiekzioetan. "Joaten garen lekuetan oso hitz onak ditugu. Kuriositatez doan jendea oso gustura irteten da proiekziotik. Hori da guretzat arrakasta handiena". Ekoiztetxekoak ere ezustean harrapatu ditu dokumentalaren harrerak, "hainbeste lekuetatik deitu izanagatik". 30etik gora emanaldi dituzte hitzartuak. Estreinakoa Lekeitioko Zinebin izan zuten. "Izan zen Leitzatik Lekeitioraino joan zenik, denak ezagunak. Ni hire garaikoa nauk esaten ziguten".

Antzeko egoerak errepikatuko dira asteburuan, Zubietan, Aginagan eta Usurbilen programatuak dauden proiekzioetan. Akelarreren azken itzulera izango da honakoa, azken agurreko hitzorduak. "Gurea egin dugu. Herriz herri, jendeari kasu egin, orduko jarraitzaileei besarkada bat" helarazi nahi izan die, lerroon bidez.

"Akelarre: marearen kontra"
Abenduak 12, ostirala
• 19:00 Zubietako Kaxkapen.
• 20:00 Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.

Abenduak 14, igandea
• 18:00 Usurbilgo Sutegiko auditorioan, Jexuxmai Lopetegi taldekidearekin.

Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman.
Informazio gehiago: akelarredok.eus
Antolatzaileak: Eliza Zaharra Elkargunea, Usurbilgo Udala, Zubieta Lantzen.