Independentzia Eguna

"Eskualdeko gazte independentista guztiak elkartu nahi ditugu"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 10a

Independentzia Eguna antolatu dute Buruntzaldea mailako Ernaiko taldeek, tartean Usurbilgoak, udalerri honetan bertan, abenduaren 13an. "Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula" aldarrikatu asmo dute larunbateko hitzorduan.

Usurbilgo Ernaiko kideek eman dizkiote hedabide honi, larunbaterako antolatu dituzten hitzorduei buruzko xehetasunak. "Etorkizun duin baten aldeko apustua egiten duen gazte oro" gonbidatu dute eskualde mailako  topaketara.

Independentzia Eguna antolatu duzue abenduaren 13an. Zergatik da ezinbestekoa zuentzat burujabetzaren bidea jorratzea?
Abenduaren 13koa ez da egun solte bat guretzat, dinamika zabalago baten isla baizik. Usurbilgo gazteok, Euskal Herriko gainerakoek bezala, ikusten dugu egungo sistemak ez digula etorkizun duinik bermatzen, bizi-proiektuak garatzeko zailtasunak dira gure egunerokoan. Ezinbestekoa da, bizi dugun krisi testuinguru honetan, norabidea argi edukitzea. Ernaikook argi dugu burujabetza osoa dela alternatiba erreal bakarra. Independentzia Eguna antolatzea, beraz, amesten dugun herriaren eraikuntzara pasatzeko modu bat da. Guretzat burujabetza ez da helburu abstraktu bat, beharrezko tresna bat da aldaketa sozialetara bidean. Hemen eta orain erabakitzeko ahalmena behar dugu. Abenduaren 13an Usurbilen aldarrikatuko duguna da gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula. Burujabetzaren bidea jorratzea ezinbestekoa da herri bezala bizirauteko, baina baita gazte bezala, egunerokoan pairatzen ditugun erronkei gure balioetatik erantzuteko ere.

Zeintzuk dira independentziarako bidea jorratzeko gako nagusiak?
Guretzat gako nagusia gazteon antolakuntza da. Ezer ez da zerutik eroriko; independentzia egunerokoan eraikitzen da, eta horretarako, ezinbestekoa da gazte subjektu aktiboak izatea. Gako nagusia herrigintzan dago: gure espazioak eta gure harremanak euskaratik eta balio eraldatzaileetatik eraikitzean. Batetik, kontzientziazioa da garrantzitsua, ulertzea gure arazo indibidualek erro politiko eta estrukturalak dituztela. Eta bestetik, borroka kolektiboa; kalean egotea eta gure ahotsak argi eta ozen plazaratzea. Ezinegon hori antolakuntza politiko bihurtzea da gakoa, erosotasunetik atera eta herria egitea.

Independentzia Egunaren laugarren edizioa, aurtengoa Usurbilen. Baina eskualde mailako deialdia dela ulertu behar dugu ezta? Horrek eskualdeko lankidetza sustatuko zuen?
Bai, eta aurten Usurbili egokitu zaio lekukoa hartzea. Garrantzitsua da ulertzea hau Buruntzaldeko gazteon proiektua dela. Izan ere, Lasarte, Hernani, Andoain edo Usurbilgo gazteok antzeko arazoak eta erronkak ditugu, eta gure indarra horiek elkarrekin erantzutean datza. Usurbil izango da topagunea, baina atzean, eskualde osoko gazteen auzolana eta konpromisoa dago, eta horrek asko indartzen du gure dinamika. Lanketa bateratu horrek erakusten du gazte mugimendua bizirik dagoela eta mugak gainditzeko gaitasuna dugula. Usurbilgo gazteontzat plazerra izango da eskualdeko kideak gurean hartzea eta egun indartsu bat elkarrekin eraikitzea.

Zer mezu, aldarri plazaratu nahi duzue larunbatean?
Plazaratu nahi dugun aldarri nagusia da, gazteok bagarela subjektu politikoa. Askotan esaten da gazteok isilik gaudela edo ez garela mugitzen; larunbat honetan, abenduaren 13an Usurbilen erakutsiko dugu hori gezurra dela. Mezua argia da: independentzia premiazkoa da ondo bizi ahal izateko. Ez gatoz folkloreaz hitz egitera; gure mezua da, gazteok ezin dugula itxaron. Ezin dugu onartu emantzipatzea ezinezkoa izatea, lan-baldintza kaskarrak normalizatzea edo gure hizkuntza bigarren mailakoa izatea. Gure mezua da sistema honek eskaintzen digun miseriaren aurrean, alternatiba badagoela eta antolakuntzaren bidez irabazi behar dugu. Independentzia Egunak balio behar du esateko hemen gaudela, bizirik gaudela, eta herri aske bat eraikitzeko konpromisoa hartzen dugula.

Zer dakar ekimen aldetik edizio honek?
Goizean eduki politikoa uztartzeari garrantzia emanez, "gazteok independentzia" izeneko hitzaldia izango da Sutegin. Ondoren, bertso bazkari batetaz gozatuko dugu gazteok. Arratsaldean, manifestazioa egingo da herrian, aldarrikatu beharrekoak ozen oihukatzeko eta gazteok kaleak hartzeko gaitasuna dugula erakusteko. Ondoren, ekitaldi politikoak emango dio jarraipena egitarauari. Azkenik, gauean kontzertuetaz gozatzeko aukera izango dugu, aisialdia uztartuz eta denok eguna modu honetan gozatuz amaitu dezagun.

Nortzuk eta zergatik gonbidatu nahi dituzue abenduaren 13ko hitzordura?
Gure deia Euskal Herri aske batean sinesten duen gazte bakoitzari zuzendua dago. Eskualdeko gazte independentista guztiak elkartu nahi ditugu Usurbilen. Usurbilera etortzeko deia egiten diogu etorkizun duin baten aldeko apustua egiten duen gazte orori. Gure indarra erakusteko eguna izango da, elkarri aurpegia jartzekoa eta, horrekin batera, ondo pasatuz eta aisialdia ere uztartuz, herria egitekoa. Garrantzitsua da gazteok gure espazioak hartzea eta kaleak gureak direla erakustea. Beraz, abenduaren 13an Usurbilen bertan itxarongo zaituztegu denoi! Animatu zaitezte!

Independentzia Eguna
Abenduak 13, larunbata
11:00 "Ekinez egina, gazteok independentzia" ekitaldia Sutegin: Haritz Rekondo eta June Iartza.
14:00 Bertso bazkaria frontoian. Txartelak aurrez Aitzagan salgai.
19:30 Mobilizazioa.
Ondoren, ekitaldi politikoa frontoian.
23:00 Kontzertuak: Ameba, Ertz, DJ Ibaiz eta MJotaxoxo.

Antolatzailea: Buruntzaldeako Ernai.