Gai horren harira elkarrizketatu dugu Oidui Usabiaga Arruabarrena herrikidea aste honetako aldizkarirako. EHU-ko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da eta alor honetan ikerkuntza lanean dihardu.
Azken epaiak nola eragingo dio multikirolen egitasmoari?
Epai desberdinak atera dira eta azkena atera den honek bereziki eragiten du zenbat partidu, entrenamendu egin daitezkeen, baita ere eragiten du geografikoki dagoen mugatze horren aurka. Benjamin eta alebinetan nagusiki, ezin zen edozein tokitara jokatzera joan, hainbat joan-etorri saihesteko, haurraren ohiko lagunarteko testuinguru horretatik atera ez eta identitate pertsonal zein kolektibo hori lantzeko. Bestela, bere lagunen harreman sarea, kaleko jolasa galtzen du. Arlo akademikoan ere eragina izango du seguraski, lo orduetan, familiaren errimotan eta bizi-kalitatean. Azken epaiak eragin du baita partida eta entrenamendu kopurua mugatzea. Lotua zegoen ere multikirolak egitearen beharrezkotasun horrekin. Adin goiztiarrean dagoen haurrak geroz eta ordu gehiago antzeko kirol espezifiko bakar batean sartzen dituenean ez dira oso inklusiboak izaten eta lesionatzeko arriskuak handitzen dira. Gainera, ikerketen arabera, errepikakorrak diren mugimendu zehatz batzuetan arrisku hori oso serioa bilakatzen da. Epai honek areagotu du aurretik mugitutako zerbait, Usurbilen nahiko txukun mantendu dena, baina hemendik kanpo ez; herri batzuetan erdiak baino gehiagok utzi diote multikirola egiteari.
Haurren beharrak alboratu dira.
Hori dena bigarren maila batean utzi da. Espezializazio goiztiarrak dakarrena da, haurrak onak direlako hautatzea, topera entrenatu eta jokatzea espezializazio azkarra lortzeko. Baina gero, zenbat geratzen diren bidean... Adin goiztiarrean horri aurre egitea benetan oso gogorra da. Epai honek atzera bota du arau horiei kontra egiteko aukera. Orain artekoak haurraren hobebeharrez eta haurra erdigunean jartzen duten arauak izan dira Gipuzkoan planteaturikoak eta pedagogikoki oinarri handia dutenak. Izan ere, kirola praktikatzeko modu guztiak ez dira onak. Espezializazio goiztiarra, kirola izanda ere oso-oso kaltegarria izan daiteke. Kaltegarriagoa den zerbait ekiditeko erakunde publikoek bermatu beharko lukete haur hori babestea.
Gipuzkoan zaindu izan da alor hau ezta?
Dekretua berdina da denontzat EAEn, baina garapena oso desberdina da eta batzuen aldetik esango nuke ia-ia kontrako jarrera ere egon dela. Gipuzkoak bilatu du beti hasierako fase guztian ikastetxea erdigunean jartzea; ikastetxea izatea multikirola bermatuko duen testuingurua, udalak baliabideak emango dituztenak. Ideia berritzaile horrek ia 30 urte darama, bogan dagoena Europa mailan; alegia, eskola aktiboak sortzearen ideia. Gipuzkoak foru arau horren bidez lortzen du garatzea, eman daitekeen berme hoberenetakoa da. Gurasoek jaso beharreko mezua da, zure haurra zaintzeko helburua duen eredua dela, kirol errendimenduaren ikuspegitik, estatuan arrakastatsuena dena. Horrek zerbait esan beharko liguke. Beste probintzia batzuetan oso azkar lortzen dituzte emaitzak, espezializazioa ere oso azkar egiten dutelako, baina gero, gertatzen zaiena da, erre egiten dituztela kirolari horiek, ze 5-6 urterekin guztiz kirol bakarrean eta ia astebururo partidak eginez eta astean bizpahiru egunetan entrenatuz hasten den haurrak, 15 urterako hamar urte darama lehiatzen, presio handiz. Ordurako oso erreta dagoen haur bat izaten da orohar. Ona ateratzen bada ere, normalki esaten da, espezializazioak dakartzan lesioen ondorioz, ziur aski bere bizitza goi-errendimenduan edo profesionaletan motzagoa izateko joera dela. Multikirola egin dutenek baino minutu gutxiago jokatzen dituzte, lesio gehiago izaten dituztelako.
Ikerketak aipatu dituzu, ikertzailea baitzara?
Hezkuntza eta kirol fakultateko irakaslea naiz EHUn. Gizartea, kirola eta ariketa fisikoa jorratzen dituen ikerketa taldea dugu. Gure ildoa, zehazki, eskola adinean egiten den jarduera fisikoa eta kirola aztertzea da. Une honetan, nagusiki Gipuzkoako haurren ohiturak, oztopoak ari gara aztertzen baita bestelako ze faktorek eragiten duten beraien jarduera fisikoa egitean edo ez egitean. Gipuzkoako eredua ebaluatzen ari gara, eskola kiroleko programa. Nire kasuan, zehazki, zaurgarriak diren taldeak asko interesatzen zaizkit.
Zergatik hautatu multikirolen bidea?
Haur batek 5 edo 6 urterekin, nahiz eta guraso askok pentsatu kirol jarduera zehatz hori nahi dutela eta besterik ez bizitzan. Ez diozunean abaniko handi bat eskaintzen gauza desberdinak probatzeko, haur horrek ez daki benetan hori nahi duen edo ez. Zuk probatzeko denbora eman. Honen guztiaren atzean, presio handia dago gizartean, zer gustatu behar zaizun esaten dizuna. Baina hori benetako haurraren nahia da? Hor arakatu beharko genuke, probatzen utzi. Usurbilen, bere unean egin genituen probatxo batzuk, Zirimaran. Jarri genituen lau testuinguru ekintza desberdinekin, bestelako aukerak badaudela ikusarazteko; ekintzetako bat, futbola zen. Bi astera, haurren esku utzi zen horietako bat aukeratzea. Futbola azken aukera izan zen. Haurrari libreki erakusten badiozu aukeratzen, batzuk futbola hautatuko dute eta besteek aukeratuko dituzte beste jarduera batzuk.
Zer ikuspegi duzu Usurbil jorratzen ari den bideaz?
Eredu on batetik hobexeago batera pasatzeko hautua egin zen. Usurbilen, ikuskera ekitatiboaren, haurra zaintzearen eta multikiroltasunaren eredu hori asko indartzen dela iruditzen zait. Inbidia asko eduki beharko lukete toki askotan hemengo hezitzaileek duten formazio mailarekin, izugarria iruditzen zait. Irudipena dut eredu oso interesgarria dugula Usurbilen. Bide horretan segitzeko eskatuko nieke. Eredu oso polita dugu eta eredu horretan espezializazioa egin behar badute jarduera batean, gustatzen zaielako gehiago, multia egiteko halere. Denak kirol bakar bat egiteko eredura bueltatzen bagara, aipaturiko arriskuak izango dituzte, kirola uzteko joera handiagoa, osasunean eragingo du. Konparazio goiztiarragoak hasiko dira, nor den ona nor ez, talde hoberen eta okerragoen osaera gehiago sustatuko da. Multikirolen egitasmoak bermatzen duen inklusibotasuna galduko da espezializazio goiztiarrarekin.
Zergatik bat egin behar dugu abenduaren 13ko mobilizazioarekin?
Abenduaren 13an esan nahi da, multikirola bai eta espezializazio goiztiarra ez. Oso laburra da aldarria, baina horrek atzean dakarren guztia bermatu eta sustatzea eskatu nahi zaie bai erakundeei, baita jendarteari ere. Benetan, sinismenetik haratago joan eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta, haurrek askoz onura gehiago jasoko dituzten multikirolen eredua mantendu eta bermatzearen alde egitea eskatu nahi da. Usurbildar gurasoei esatea beraien seme-alabek adin goiztiarrean badituzte, ez bakarrik kirol bakarrean izan urte osoan. Hori gustatzen bazaie oso ondo, atzeratu ahal duzun gehien, espezializazio berantiarra delako errendimenduari begira ere hoberena. Lehenago, multikiroletan apuntatu itzaizue. Epai horren aurrean, gure kontrako jarrera hori adierazi nahi dugu, epai horrek espezializazio goiztiarrera bideratuko gaituelako eta ez gaudelako batere ados horrek sortaraziko duen eraginarekin.