Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Sailetik iragarri dutenez, beste sei hilabetez, hau da 2026. urteko ekainera arte gutxienez bai, indarrean segiko dute uztailean 1ean martxan jarritako deskontuek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren aste honetako Gobernu Kontseiluak foru aldundietara eta udaletara 9,1 milioi euro bideratzea erabaki du. "9.135.268,14 euro bideratuko dira guztira: 2,1 milioi euro Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emango zaizkie, 3,7 milioi euro foru-aldundiei eta 3,2 milioi euro Bizkaiko Garraio Partzuergoari", Jaurlaritzatik zehaztu dutenez.
"Dirulaguntza horiek urtarrilaren 28ko 1/2025 Errege Lege Dekretuaren barruan kokatzen dira. Dekretu horrek jarraipena ematen zion erakundeek 2024an egiten zituzten deskontuen aplikazioari, tituluen ohiko prezioaren gainean gutxienez % 50eko beherapena egiteko", Jaurlaritzatik berri eman dutenez.
Gogoan izan, gutxieneko %50eko deskontuon %30a Espainiako Gobernuak hartzen du bere gain, beste %10a tokiko administrazioek eta %10a Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Sailak.
Inguruotako onuradunek deskontu hauen abantailez gozatzeko Mugi txartela alboan izan beharko dute. Bestela tramitatu egin beharko dute. Informazio gehiago mugi.eus atarian jaso ahalko duzue.
14 urtera arte doan
Bide batez, kontuan izan, bestalde, urte hasieran, urtarrilaren 30ean indarrean jarri zuten 12 urtera artekoek autobus edota tren zerbitzuak doan baliatzeko neurria. Apirilean, bestalde, doakotasun hori 14 urtera arte (adin hau ere barne) zabaltzea erabaki zuen Euskadiko Garraio Agintaritzak. Neurri hori uztailaren 1ean jarri zuten indarrean. Egun berean jarri zuten martxan baita, lerrootan aipatutako %50eko deskontuen neurria, orain, gutxienez, 2026o ekainera arte gutxienez, indarrean egongo dena.