Belaunaldiartekotasunaren lotunea izan da ostegun goiz hau, abenduaren 11 Zumarte Musika Eskola. Usurbilgo belaunaldi gazteenaren eta helduenaren elkargunea izan da eremu hori gaur goizean. Musikak batu ditu batzuk eta besteak. Urtero, bitan, batzen ditu gaurkoa bezalako hitzordu batek musika eskolako gazteak eta Eguneko Zentroko nahiz eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileak.
Belaunaldiartekotasuna eta belaunaldi ezberdinen arteko elkar zaintzaren ispilu izaten dira hitzorduok. Bat udaberri partean egiten dute, bigarrena orain, urte amaierako ospakizun zikloaren atarian. Gaurkoak, noski, eguberri ukitu nabarmena izan du. Hasteko, musika eskolako instalakuntzak ezagutu eta instrumentuak probatzeko aukera izan dute helduenek.
Gero, Zumarteko ganbaran zain zituzten musika eskolako gazteak. Haiek gidaturiko emanaldian, gabon kantak musikatu dituzte, helduekin batera abesten aritu diren artean.
Abesbatzen kontzertua
Aipatu moduan, musika eskolako ganbaran egin dute ostegun honetako, abenduaren 11ko topaketa. Ez da, ordea, Zumartetik iragarritako ekitaldi bakarra izango. Izan ere, astebete barru, hilaren 17an bertako abesbatzek datorren ospakizun ziklora begirako kontzertua eskainiko dute arratsaldeko 18:30etan Salbatore elizan.
Azkenik, Mari Domingiri eta Olentzerori egingo zaion harreran ere parte hartuko dute musika eskolakoek. Hilaren 24an, abiatuko da kalejira 17:30etan Egurtzegi paretik. Ordubete geroago espero da, kalejira herri erdigunera heltzea.