Abenduak 15-26

"Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" segitzeko topaketa erabakigarriak antolatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 11

Argazkia: Arrobitxulo elkargunea.

Arrobitxulo elkargunea osatzen duten kultur nahiz aisialdiko eragileek eta gazte mugimenduak oparo datorren eskaintza osatu dute abenduaren 15etik 26ra.

Egitasmoa nabarmen definituagoa dutela eta fase erabakigarri batean sartzear den Arrobitxulo elkarguneak topaketak antolatu ditu asteotarako. Iaz eginikoak baino iraupen luzeagoa izango dute. Izan ere, abenduaren 15ean hasi eta hilaren 26an amaituko da zikloa. 

Hitzaldi, bilera, azoka, kantu saio, tailer eta kalejirekin hornitu dute oparo datorren eskaintza. Argi adierazi nahi dute, "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" hitzordu ziklo hau ez da soilik Elkarguneak bateratzen dituen eragileetako kideentzat, herriari eskainitakoak baizik, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute.

Aisialdira begirako ekintzez gain, garatzen jarraitzen duten proiektua ekarriko dute topaketon erdigunera; etorkizun geroz eta hurbilagoan, anbulatorio ondoko zelaian kokatuko den elkargunea izango dena. Gogoan izan, izena bera, marka edota hirigintza proiektua aurkeztu zutela iragan udaberrian Sutegin. Ordurako eta ordutik ere lanketan segi dute Arrobitxuloren baitan diren Usurbilgo kultur eragileek, aisialdikoek nahiz gazte mugimenduak Udalarekin. Aipatu moduan, 2026a urte erabakigarria izan daiteke egitasmo honen gauzatzean.

Datorrenari begira, barne funtzionamenduari begirako erabaki garrantzitsu hainbat hartu dituzte dagoeneko, beste hainbat hartzeke dituzte. Horretara bideratu nahi dute hain zuzen, garrantzitsutzat jo duten eta topaketa hauetan txertatu duten Arrobiltzarra.

Egunotan xehetasun gehiago eskaintzen joango garen arren, hemen, aurrerapen gisa, osatu duten egitarau oparo horren berri. Lehen hitzordua, datorren astelehenerako, abenduaren 15erako deitu dute Gaztelekuan. Izan ere, udal zerbitzu hau ere Arrobitxuloren baitako eragileetako bat da. Bertako erabiltzaileei zuzenduriko hitzaldia antolatu dute, bi asteko topaketa hauei ekiteko:

"Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak
Abenduak 15, astelehena
17:00 "(H)Arrobidea" hitzaldia Gaztelekuan, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat.

Abenduak 19, ostirala
18:30 San Tomas festa Askatasuna plazan.

Abenduak 20, larunbata
Frontoian:
11:00 Mural margoketa.
12:00-14:00 AztarriTruk.
Oharra: bilketa abenduaren 18an eta 19an 17:30-19:30 artean Sutegiko erakustaretoan.
13:00 Hasiera ekitaldia.

Abenduak 22, astelehena
17:00-18:30 Sormen tailerra Potxoenean:
-"Bineten artean" komikigintza tailerra, Joseba Larratxe "Josevyski"-rekin.
-"Sortzen" joskintza tailerra Ione Iruretagoienarekin.
-Bertsogintza Lierni Errekondorekin.
18:45-20:30 Solasaldi musikatua Ixak Arrutirekin Zumarte Musika Eskolan.

Abenduak 23, asteartea
17:00 "Etxerako bidean, elkartasuna eta babesa" Harrera elkartekoen hitzaldia Potxoenean.

Abenduak 24, asteazkena
17:30 Aztarrikant frontoitik abiatuta.

Abenduak 26, ostirala
11:00 Arrobiltzarra Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Jarraian, abenduaren 20an frontoian landutako muralaren errotzea.
17:30 Ondoezik elektrotxaranga frontoitik abiatuta, herrian zehar.

Oharra: aldaketaren bat egon daiteke egitarauan.

Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.