Ohi baino geroago, azaroan ez, abenduan baizik. Oraingo honetan hiru egunez Palestinarekin bat egingo du. Hortxe 2025eko Mundualdia ekimenaren berrikuntza nagusiak. Asteburu honetan, abenduaren 12an, 13an eta hilaren 21ean egingo den edizioko antolatzaileek jakinarazi dutenez, jatorri aniztasunaren festa Usurbilgo herri bizitzaren erdigunera dakarren hitzorduak "Palestinari eta palestinarrei elkartasuna adierazteko baliatuko da, eta helburu horrekin osatu da egitaraua".
Azarotik abendura atzeratzea erabaki dute Mundualdia, hain zuzen, "Gazako Sol Band taldea Usurbilera ekarri ahal izateko". Antolatzaileen esanetan, "azken kantuak bonbardaketa betean idatzi zituztela kontatu dute, eta euren sorterriak bizi duen egoera lazgarria munduari helarazteko tresna direla. Azken hilabeteotan iritsi da Euskal Herrira Palestinako taldea: bi kide izango dira Usurbilen, eta hitzaldi musikatua eskainiko dute, bi egunetan". Hasteko ostiral honetan, abenduaren 12an gazteentzat, "larunbatean, berriz, euren hizkuntzan hitz egingo dute, eta Bilbon bizi den palestinar batek gaztelaniara itzuliko ditu haien hitzak, zuzenean, Askatasuna plazan".
Bi saioek mokadutxo ederrek girotuko dituzte. Izan ere, abenduaren 12ko hitzordua hasi aurretik, "Usurbilgo OLH Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia dastatuko dute, 12:30ean hasita".
Biharamuneko ekitaldiaren ondotik, urteroko jaki dastaketa egingo da. Momentuz 14 postu izango dira eta horietan, zortzi herrialdeetako elikagaiak probatzeko aukera izango da; Pakistan, Sahara, Nikaragua, Nigeria, Kuba-Euskal Herria, Mauritania eta Kolonbiakoak hain zuzen. "Jakien dastaketaren unea, gainera, Usurbilen bizi den bakarlari argentinar Leandro Leivaren kantuekin girotuko da".
Haurrentzako ohi baino hitzordu gehiago izango ditu aurtengo Mundualdiak. Batetik, hilaren 13an, goiz partean, San Sebastian Cricket Club taldearen eskutik, kriket erakustaldia izango da eta gero Eskola Kiroleko partaideek jokatuko dute kriketean.
Zikloa borobiltzeko, Usurbilgo Udalak negu parterako antolaturiko euskarazko zine zikloaren baitan, jatorri aniztasuna jorratzen duen "Azur eta Asmar" filma proiektatuko dute abenduaren 21ean Sutegin.
Mundualdia 2025: "Palestinarekin elkartasunez"
Abenduak 12, ostirala
12:30 Gazako musika talde Sol Bandeko kideekin hitzaldi musikatua, DBH3 eta DBH4ko ikasleentzat, Sutegin
Aurrez, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia.
Abenduak 13, larunbata
11:00 Kriketa: erakustaldia eta Eskola Kiroleko saioa, Udarregi pareko zelaian (euria bada, Agerialdeko frontoi estalian), San Sebastian Cricket Club-en eskutik .
17:00 Gazako musika talde Sol Bandeko kideekin hitzaldi musikatua, Askatasuna plazan.
Horren ostean, hainbat jatorritako jakien dastaketa, Leandro Leiva bakarlari argentinar-usurbildarraren abestiez lagunduta.
Abenduak 21, igandea
17:00 Haurrentzako zinema: "Azur eta Asmar", Sutegin (gonbidapenak, doan, usurbilkultura.eus plataforman).
Sinopsia: "Baziren behin Azur, ile-horidun begi urdinekoa eta gizon aberats baten semea, eta Asmar, begi beltzeko beltzarana eta inude baten semea. Anaia modura hazi zituzten lurralde berde eta loretsu batean. Bizitzak modu ankerrean banatu zituen. Baina Azurrek ezin izan zituen ahaztu Eguzkiaren Herrialdean gertatzen diren eta inudeak kontatzen zizkion maitagarrien istorioak. Hazterakoan Dijnntarren Miragarriaren bila, bere ametsen herrialdera, joatea erabakiko du. Bertan miragarria bilatzeko asmotan den Asmarrekin egingo du topo. Biek Mirarien Herrialdeko arriskuei eta sorginkeriei aurre eginez aurkituko dute".
