Askotariko ekintzen asteburu honetan, Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratzeko egunak izango dira honako hauek. Gai hau plazaratzen duen ekimena izan ohi dugu urteroko Mundualdia. Larunbat honetan, abenduaren 13an, egingo da.
Aurtengo edizioa, ohi baino geroago dator. Izan ere, azaroan egin ohi da, baina aurten hilabete geroago egitea erabaki da, Palestinarekin bat egin nahi zelako, herri horrek bizi duen genozidioaren aurrean, palestinarrei elkartasuna adierazteko. Bat egite horretan, Gazako Sol Band taldea gonbidatu nahi zuten antolatzaileek hitzordu horretara.
Ostiral honetan, abenduaren 12an heldu dira gure artera. Larunbat honetan egingo duten moduan, hitzaldi musikatua eskaini zieten Udarregi ikastolako DBH 3 eta 4ko ikasleei, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia dastatu ostean.
"Palestina jasaten ari den genozidioa salatu nahi genuen"
Bizi duten egoera latz eta bidegabeaz mintzatu ziren, baina baita horren jatorriaz ere edota haien herria hobekiago ezagutzeko aukera izan zuten gazteek. Azalpenak, taldekoen abestiarekin tartekatu zituzten.
Aurretik, antolatzaileek hartu zuten hitza. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak Mundualdiaren garrantzia nabarmendu zuen. Geroz eta jatorri aniztasun handiagoa duen herria izanik, "aniztasun hori mehatxu bat izatetik urrun, aberastasuna dela ulertzen dugu eta aberastasun hori, gainera, modu positiboan eta balore bezala landu nahi dugu Usurbilen".
Ildo horretan, "Mundualdiak ematen digu aukera egunerokoan elkar topo egiten ez dugun jende askorekin, kultura ezberdina duten jende askorekin topo egitekoa, elkar ezagutzekoa, azkenean, garrantzitsua delako herri bateko kide garen guztiok elkar ezagutzea, izan ditzakegun aurreiritzi oker horiek alboratzea eta elkar ezagutza horretan sakondu eta herri hau eraikitzen jarraitzea aniztasunetik".
Aurtengo edizioan, Palestinari tarte berezia egin nahi diotela eman zuen aditzera. "Palestina jasaten ari den genozidioa salatu nahi genuen". Horretarako, hilabeteotan Euskal Herrian barrena dabiltzan Gazako Soul Band taldeko kideak Usurbila ekartzeko aukera sortu zen, Donostia Palestina elkartekoen eskutik. "Palestinarrei harrera egin eta hemen behar dituzten oinarrizko baldintzak, beharrak asetzen laguntzen ari zaien taldea da eta bere bidez izan genuen aukera Soul Bandeko kideak ekartzeko Usurbilera eta haien bidez, ezagutzekoa zer ari den gertatzen Palestinan".
"Nazioarteko babesa behar dutela eskatzera datoz"
Bilgune horretako ordezkari Igor Otxoa ere Sutegin izan zen. Soul Band taldeko bi kideak aurkeztu zituen. Kide gehiago ditu taldeak, beste "musikari batzuk iritsi ziren maiatzean. Egon ziren genozidiopean Gazan zortzi hilabetez. Ateratzea lortu zuten eta bukatu dute Euskal Herrian".
Sutegira etorritako bi kideak, aldiz, "genozidioak harrapatu zituen Istanbulen, Gazara joatear zirela. Senideak bertan zituzten". Otxoak nabarmendu moduan, "oso egoera muturrekoa bizi izan dute urteotan. Beti, diotenez, palestinar batentzat, Gaza espetxe handi bat da, ateratzea oso oso zaila dena". Gerra testuinguru batean bizi arren betidanik, "genozidio honekin gertaturikoak muturrera eraman du guztia".
Ondorioz, "hainbat eta hainbat familia etorri dira hona, seme-alabak artatzera, errefuxiatu bilakatzeko. Nazioarteko babesa behar dutela eskatzera datoz, beraien herrira ezin dutelako itzuli, itzuliko balira, haien bizitza arriskuan legokeelako".
Mundualdia entzun eta dastatzeko aukera
Larunbat honetan, Soul Band taldeko kideek haien hizkuntzan eskainiko dute bigarren hitzaldi musikatua Mundualdiaren baitan eta Bilbon bizitako palestinar batek gaztelaniara itzuliko ditu haien hitzak Askatasuna plazan.
Taldeak azken kantak bonbardaketa betean idatzi zituen, eta bizi dutena munduarekin partekatzeko tresnan bilakarazi dituzte.
Hitzaldi horren ostean, urteroko jaki dastaketa egingo da. 14 postu izango dira eta horietan, zortzi herrialdeetako elikagaiak probatzeko aukera izango da; Pakistan, Sahara, Nikaragua, Nigeria, Kuba-Euskal Herria, Mauritania eta Kolonbiakoak hain zuzen. "Jakien dastaketaren unea, gainera, Usurbilen bizi den bakarlari argentinar Leandro Leivaren kantuekin girotuko da".
Haurrentzako ohi baino hitzordu gehiago izango ditu aurtengo Mundualdiak. Batetik, hilaren 13an, goiz partean, San Sebastian Cricket Club taldearen eskutik, kriket erakustaldia izango da eta gero Eskola Kiroleko partaideek jokatuko dute kriketean.
Zikloa borobiltzeko, Usurbilgo Udalak negu parterako antolaturiko euskarazko zine zikloaren baitan, jatorri aniztasuna jorratzen duen "Azur eta Asmar" filma proiektatuko dute abenduaren 21ean Sutegin.
Mundualdia 2025: "Palestinarekin elkartasunez"
Abenduak 13, larunbata
11:00 Kriketa: erakustaldia eta Eskola Kiroleko saioa, Udarregi pareko zelaian (euria bada, Agerialdeko frontoi estalian), San Sebastian Cricket Club-en eskutik .
17:00 Gazako musika talde Sol Bandeko kideekin hitzaldi musikatua, Askatasuna plazan.
Horren ostean, hainbat jatorritako jakien dastaketa, Leandro Leiva bakarlari argentinar-usurbildarraren abestiez lagunduta.
Abenduak 21, igandea
17:00 Haurrentzako zinema: "Azur eta Asmar", Sutegin (gonbidapenak, doan, usurbilkultura.eus plataforman).
Sinopsia: "Baziren behin Azur, ile-horidun begi urdinekoa eta gizon aberats baten semea, eta Asmar, begi beltzeko beltzarana eta inude baten semea. Anaia modura hazi zituzten lurralde berde eta loretsu batean. Bizitzak modu ankerrean banatu zituen. Baina Azurrek ezin izan zituen ahaztu Eguzkiaren Herrialdean gertatzen diren eta inudeak kontatzen zizkion maitagarrien istorioak. Hazterakoan Dijnntarren Miragarriaren bila, bere ametsen herrialdera, joatea erabakiko du. Bertan miragarria bilatzeko asmotan den Asmarrekin egingo du topo. Biek Mirarien Herrialdeko arriskuei eta sorginkeriei aurre eginez aurkituko dute".
