Albiste honi atxikia duzue, aurtengo eskaintza oparoaren baitan, Sutegi udal liburutegiak jendaurrean antolaturiko azken ekintzari lotutako irudia. Iragan ostiralekoa da, abenduaren 12koa. Yolanda Arrietak duela 30 urte idatzitako "Jostorratza eta haria" liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuen.
Aurkezpen haren ondotik jaso dugu berriz Sutegi udal liburutegiko kideen berri. Bestelako ohartarazpen bat egin nahi izan digute.
Azkenaldian, euskaraz ugaritzen ari diren beste hackeatze ekintza baten berri izan dugu azken orduotan; Sutegi udal liburutegikoena. Bertako udal langileek NOAUA!ri jakinarazi diotenez, haien Instagram kontua hackeatu diete, hainbat erabiltzaile asteburuan jabetu diren moduan.
Izan ere, "gure izenean iruzur mezuak bidaltzen ari dira", ohartarazi dute Sutegi udal liburutegitik. Horregatik, adi ibiltzeko deia egin dute. "Haria bukaeraraino jarraitzen duenak, bere Instagrameko kontua galtzeko arriskua du, guk bezala". Ez hori bakarrik. "Non dago koxka? Kontua berreskuratzeko dirua eskatzen dute".
"Zure botoa behar dut"
Honela dio mezuak, jasotzen baduzu adi ibil zaitezen. "Kaixo, mesede bat eska diezazuket. Azkenaldian aldizkari lehiaketa baterako zozketa batzuk egiten ari naiz eta zure botoa behar dut, mesedez, axola ez bazaizu".
Segidan bozkatzeko ustezko esteka bat ageri da eta ondoko mezua: "hau da bozkatzeko esteka, egin klik gainean, hasi saioa Instagramen eta bozkatu nire alde, eskerrik asko".
Antzeko mezuak jaso izan dituzte beste hainbat erabiltzaileek sare sozialen bidez eta euskaraz, azkenaldi honetan.

