Espezializazio goiztiarrari ezezko borobila eman eta horren aurrean, adin goiztiarrean direnentzat multikirola sustatzen duen eredua babesteko mobilizazioa egin dute larunbat eguerdi honetan, abenduaren 13an, Mikel Laboa plazan. Gurasoek, haurrek, udal ordezkariek, kirol eragileetako kideek nahiz alor honetan herri mailan eta udalerritik kanpo erreferentziazkoak diren kirolari ezagunek hartu dute parte ordu-laurdeneko elkarretaratzean.
Alor honetan kaleraturiko azken epaiaren ondotik atera dira herriko plazara, haurraren eta haren ongizatea erdigunean jartzen duen multikirolen eredua defendatzera. Deitzaileek mobilizazioarekin bat egin dutenei eskuorri bana eman diete. Bertan, modu oso argigarrian azaltzen da, mobilizazioko pankartan agertzen diren bi ereduok adin goiztiarrean duten eragina; kirol espezializazioa edota multikirola sustatzeak dakarrena alegia. Guztia, eginak diren gai horri lotutako ikerketetan oinarritua.
Baten eta bestearen arteko aldea nabarmena da, segidan dituzuen eskuorriotan jasotako xehetasunak irakurriz gero. Horregatik, idatziz jasotako azalpen horietan HH, LH eta DBH zikloetan ikasten ari diren 0-16 urte arteko haur eta gaztetxoei nahiz 16 urtetik gorakoei zuzenduriko gomendio sorta plazaratu dute. Segidan dituzue zerrendatuak:
Adin goiztiarrean (13 urte azpitik)...
Kirol espezializazioa...
-Ez da beharrezkoa eliteko kirolaria izateko.
-Elitera ez iristeko arrisku gehiago dakartza.
-Lesio fisiko/psikologiko gehiago dakartza.
-Lesio larriagoak izan ditzakete.
-Kirola uzteko arriskua handitzen du.
-Berriro kirolean hasteko zailtasuna dakar.
-Ez du garapen integrala bermatzen.
-Ez da inklusiboa.
Multikirola...
-Oinarri sendoa sortzeko estrategia da.
-Kirolari osoagoa: etorkizunerako apustua.
-Kirolari osasuntsuagoa: lesio gutxiago.
-Zaintza-prebentzio efektua du.
-Etorkizuneko bizitza aktiborako bermea.
-Atxikimendu-konpromiso handiagoa.
-Garapen integrala bermatzen du.
-Inklusiboagoa da.
Gomendioak
Haur Hezkuntza (0-6 urte)
-Haurraren mugimendu librea, antolatu gabea.
-Zirimara familian.
Lehen Hezkuntza (6-12 urte)
-Kalean/naturan antolatu gabeko joko eta jolasak.
-Zirimara+Zirimara multikirola+kirol bat (8 urtetik aurrera).
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte)
-Kalean/naturan antolatu gabeko joko, jolas eta kirolak.
-Kirol bat edo, aukeran, hobe bi.
16 urtetik gora
-Kalean/naturan antolatu gabeko joko, jolas eta kirolak.
-Ariketa fisikoa edo kirol bat.