Esther Arrojeria Arantzazistroke: "Hain adin goiztiarrean, gozatzeari eta ondo pasatze horri eman behar zaio garrantzia"
Kirolarion artean zen Esther Arrojeria Arantzazistroke. Bera Beran hainbat urtez garai oparo askoa bizi ostean, erretiroa hartu berri duen Kalezarko jokalariak adierazi digunez, "jada haurrak gaztetatik kirol batean espezializatzeari pertsonalki ez diot zentzu gehiegi ikusten". Horregatik bat egin nahi izan du gaurko mobilizazioarekin. "Garrantzitsua iruditzen zait, azkenaldian hartu diren neurri horien aurrean, multikirolen aldeko apustuan ere ni bertan egotea".
Haurrentzat bide egokiena hori dela deritzo Arrojeriak, azkenaldian ateratako epaien aurrean. "Ez dut beste biderik ikusten. Niretzako bide egokiena hori da, haurrek kirol ezberdinak probatu eta gero hautatzea, eta horren alde egitera" etorri dira gaur Mikel Laboa plazara.
Izan ere, hurbiletik bizi izan du eredu hori. Eskubaloian urte luzez goi-mailan jokatu arren, horra heldu aurretik, gaurko mobilizazioan gogorarazi digunez, "Usurbilen beti probatu izan ditugu kirol ezberdinak, ni ere hala hasi nintzen". Izan ere, eskubaloian murgildu aurretik, "judon, futbolean eta eskubaloian aritu nintzen. Behin gauza ezberdinak probatuta gero erabaki nuen eskubaloitik jotzea".
Ibilbide hori bestelakoa izan balitz, alegia, espezializazio goiztiarrean murgildu eta kirol jarduera bakar horretan haurtzarotik hasi izan balitz, "pentsa" esan digu. "Nire sentsazioa izan da urte asko egin ditudala eskubaloian, batzuetan nekatu ere egiten duela. Pentsa lehenago hasi izan banintz eskubaloiarekin bakarrik".
Horren harira zioenez, bere ustez, haurtzarotik jarduera bakar batean aritzeak "kirolaria erretzeko arriskua areagotu egiten du. Gainera, askotan ere lehiakortasun maila areagotu egiten du eta kirolari ondo pasatzeko kutsu hori kendu egiten zaio". Arrojeriak argi du; "hain adin goiztiarrean gozatze eta ondo pasatze horri eman behar zaio garrantzia eta espezializazio goiztiarrak lehiakortasuna oso goizetik jartzen du mahai gainean". Ondorioz, berak uste du, "hori ez dela egokiena haurrentzat eta gerora, goi-mailako kirolariak sustatzeko ere ez".
Haurra erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu digu. "Azkenean, hazkuntza fasean daude eta kirolak frustrazio asko eragiten dituzte eta haurrak frustrazio horiek kudeatzeko hainbeste herraminta ez dituzte izaten. Horrez gain, frustrazio horiekin haztea ez da batere positiboa. Beraz, badakigu zer nolako epaiak atera beharko lukeen".
Eneko Furundarena Maiz: "Haurren ongizatea bilatu behar da"
Eskubaloian goi-mailan lehiatzen ari da Bidasoa Irun taldean Eneko Furundarena Maiz. Larunbat honetan multikirolaren aldeko mobilizazioarekin bat egin du baita usurbildarrak. Azken urteotan egoera zaildu dela ikusita, elkarretaratzeari atxikimendua adierazi nahi izan dio. Gaiak duen garrantzia ikusita, informatzeko deia egin du. Izan ere, bere ustez, "desinformazio asko dago, batez ere gurasoen artean". Haurren artean aniztasun handia dagoela ikusita, adin tarte horretan "gaitasun ezberdinak, kirol ezberdinak" lantzea beharrezkotzat jotzen du. Ildo horretan, "aniztasun horri erantzuteko garrantzitsua da multikirola bezalako ekimen bat egotea".
Nabarmendu nahi izan du, jada frogatua dagoela, eredu batek eta besteak "etorkizunerako eta unerako ekarritako onurak eta kalteak". Bere ibilbidea jarri digu adibide gisa. Multikirola "nire ibilbideko oinarria izan da. Kirolez Jostan eta Kirolez Blai dinamikekin hasi nintzen. Kirol ezberdinak, gaitasun ezberdinak probatu nituen, neure burua jardueraren arabera rol ezberdinetan ikusi nuen eta gero pasa nintzen eskubaloi eta futbol aukeraketa horretara. Tartean, pilotan ere aritu nintzen".
Jarduera ezberdinak probatu ostean, 14-15 urterekin "hartu nuen eskubaloiaren bidea. Baina esan bezala, oso garrantzitsua da hasieran ezagutzea zure burua, kirol ezberdinak, eta nik uste dut gakoa izan dela" bere ibilbidean.
Multikirolaren ereduak eman dio hori guztia. Aldiz, "espezializazio goiztarrak hasieran badirudi ezetz, baina desabantaila gehiago ditu. Errazena ematen du hori bideratzea dela baina alderantzizkoa da. Horretaz kontzientzitzea" garrantzitsutzat jotzen du Furundarenak.
Izan ere, haurtzaroan kirol jarduera ezberdinetan trebatuta "ikasten duzun guztia, gero zure etorkizuneko kirol jarduerarako baliagarria izango da". Horregatik, argi adierazi digu, "oso harro nago egindako ibilbideaz eta nik uste dut haurrak ere bultzatu behar direla ibilbide horretan murgiltzera. Gero, bakoitzak bere ibilbidea erabakiko du".
Kezka adierazi digu, "azken urteetan errendimendua denaren gainetik dagoela" dirudielako" baina gogorarazi digunez, "haurrak haurrak dira eta haien ongizatea bilatu behar da. Gero iritsiko da errendimendua bilatzeko etapa. Haurra eta haurraren ongizatea erdigunean jarri beharrekoa da".
Iñaki Errasti Ubera: "Gazteek jolastu behar dute, ez lehiatu. Gero izango dute horretarako garaia"
"Probatuta jakiten da" zer aukeratu. Hala adierazi digu, multikirolaren defentsan larunbat honetan egindako mobilizazioan parte hartu duen arraunlari aginagar Iñaki Errasti Uberak. Testuingurua zaila dela dio. "Ikusten da ez daudela aukera asko probatzeko, bizpahiru kirolek dena ematen dute" eta haurrak geroz eta gutxiago jolasten direla ohartarazi digu.
Haurtzaroak berez duen funtzioa aldarrikatu du. "Jolastu egin behar dute, ahaztu lehiatzeaz. Galtzen eta irabazten ikasi behar dute baina gerora izango dute horretarako aukera", bere kasuan bezala. Izan ere, oroitarazi digunez, "19-20 urterekin hasi nintzen arraunean, beraz, garaia badago gero ere espezializatzeko kirol jarduera batean".
Aldez aurretik, "benjaminetan txirrindularitzan ibili nintzen Kalezarren. Gero futbolean eta atletismoan proba asko egin nituen". Jarduera ezberdinetan trebatuta, "koordinazio aldetik oso onuragarria da, gero beste edozein kiroletan errendimendu ona emateko". Horregatik uste du, "denetarik probatu behar dela edo aukera eman" behintzat.
Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du dagoen kirol eskaintza ezagutaraztea belaunaldi gazteenaren artean, jolasa ardatz hartuta beti ere eta kirola kirol hutsetik haratago doala argi utzita; lagunartea, sozializatzea ere bai baita eremu hau. Horregatik, kezkagarritzat jo duen pantailei lotuta bizi garen garaiotan, "jolasteko erak eta kirol mailan ere bideak ixten baditugu, ez da ona izango haurrentzat. Gazteek jolastu behar dute, ez lehiatu. Gero izango dute horretarako garaia".
Gurasoen egitekoa ere gai honetan, garrantzizkotzat jo du. "Etxetik ez bagara hasten, zaila izango da aurrera egitea".
Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi: "Izan dira dohain batzuk eskubaloiak eman ez dizkidanak"
Multikirolaren ereduaren defentsa plazaratu du larunbat honetan Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzeak. Argudio bat baino gehiago dago horretarako, goi-mailan aritutako kirolari herrikideek gogorarazi diguten moduan. Horien artean izan da Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi.
Elkarretaratzearekin bat egin du, "finean, multikirola, pertsonaren, heziketaren ikuspegitik bere bilakaeran egokia iruditzen zaigulako alde guztietatik".
Bere haurtzaroa ekarri digu gogora. "Guk briletean jolasten genuen, sokasaltoan ibiltzen ginen, harrapaketetan... Mila jolasetan. Gure gaztaroa eta haurtzaroa halakoa izan zen eta horrek ekartzen du bilakaera sano bat, koordinazio eta gaitasun aldetik zabala dena eta egokia, gorputzari zer eman eta norantz tiratzen duen ezagutzeko". Izan ere, gogorarazi digun moduan, "ezagutzen ez duen mundua inoiz ez du ibiliko" eta multikirolaren defentsan gaur egindako mobilizazioak hori ekarri dio gogora.
Eskubaloian lehiatzen hasi aurretik, "pilotan, adibidez, xextoan, eskuz eta palaz ibilitakoa naiz hemen gaztetan. Hor erreflexuak, pilota nondik datorren, non kokatu, distantziak... izan dira dohain batzuk eskubaloiak eman ez dizkidanak", aldez aurretik eginiko bestelako jarduerek baizik. Era berean, ordea, "oso baliagarriak izan zaizkit" eskubaloirako.
Hortik baita ondorioztatu digu, multikirolen eredua "iruditzen zait etorkizunari begira, denontzako egokia dela'. Beti ere, haurraren ongizatea erdigunean jarrita, "bere garapen osoa". Izan ere, "batzuk ulertuko dute multikirolaz ari garenean kirol hutsaz ari garela, baina ez. Tresna bat da, ez inolaz ere jomuga. Kontua ez da haurra kirolaria izatea, baizik eta kirol anitzaren bidez bere bilakaera zabalagoa eta sanoagoa egitea. Multikirolak hori eskaintzen duela uste dut".