Mundualdia

Kriketa kulturartekotasunaren zubi, Mundualdiaren hasieran

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 13a

Kriketeko erakustaldiarekin abiarazi dute Mundualdi egun hau. Kulturartekotasunaren zubia izan da, gaztetxoenak jarduera horretara hurbilarazi dituten Oiardo kiroldegiko hitzordua.

Kirolaren bidez ere kulturartekotasuna sustatu daitekeela argi utzi dute, baita belaunaldi arteko hartuemanen bultzada ere. Kriketak eragin du hori, larunbat goiz honetan, abenduaren 13an eta gaurko Mundualdia jaialdiaren baitan. Kirol jarduera horren erakustaldia egin dute Oiardo kiroldegian. Izatez, Udarregi ikastola pareko berdegunean egitekoak ziren, baina lurzorua bustia zela eta, azkenean, kiroldegiko zelaia baliatu dute hitzordurako.

San Sebastian Cricket Club taldekoak dira aipatu jarduerari lotutako erakustaldia eskaintzera etorri direnak. Erakustaldiak bi zati izan ditu; lehenbizi, jarduera honen nondik norakoak ikusteko lehian aritu dira aipatu taldeko kideak. Gero, belaunaldi gazteena hurbildu da trebatzera, Eskola Kiroleko kideak. Iaiotasun handia agertu dute denek.

Amaieran, albiste honi atxikitako talde argazkiarekin esker ona adierazi nahi izan diote erakustaldira eskaintzera etorritako Donostiako taldeari. Baina alde bietarikoa izan da esker on horren adierazpena. Izan ere, goizean zehar erakustaldirako baliaturiko materiala oparitu diete San Sebastian Cricket Club taldekoek usurbildarrei.