Ernairen adierazpena
Herri batekiko maitasunak elkartu gaitu gaur Buruntzaldeako Gazte Independentista guztiok Usurbilen, borrokarako grinak eta independentziaren aldeko aldarrikapenak.
Sarritan galdetzen diogu geure buruari: zergatik da hain zaila emantzipatzea? Zergatik da pribilegio bat etorkizunean gure herrian bizitzea? Zergatik ez dut ikusten Euskal Herriko mapa nire ikastetxeko hormetan? Zergatik ezin dut unibertsitateko gradua euskara hutsean amaitu? Zergatik da hain zaila lan duin bat izatea? Zergatik ez dugu gazteok gure etorkizuna erabakitzeko eskubiderik? Zergatik, zergatik, zergatik...
Denbora daramagu ziurgabetasun eta ezegonkortasun garaiak bizi ditugula esaten. Denbora daramagu munduan anabasa nagusi dela esaten. Neoliberalismoa agorpen fase bete-betean dago. Ultraeskuina eta erreakzioa erdigune politikoa hartzen ari da, gu guztion ideietan eta bizitzetan zuzenki eraginez. Frantziar eta espainiar erregimenak krisian daude, eta zer gertatzen da Euskal Herriarekin bien bitartean? Euskal Herriaren biziraupena eta etorkizuna, ez daude bermatuta. Arriskuan daude.
Historiaren amaieran gaudela esan digute sarritan, errazago zaigu munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera irudikatzea baino. Indibidualismoaren eta konformismoaren garaiotan lortu dezakegun onena gaur egungoa luzaraztea dela esan digute. Sinestarazi nahi digute ez dela utopikoentzako garaia, ez dela bestelako jendarte eredu alternatiboetan pentsatzeko garaia. Ez duela merezi.
Non kokatzen gara euskal herritarrok honetan guztian? Non kokatzen da bere izatea etengabe ukatzen zaion herri bat, anabas globalaren aurrean? Frantziar eta espainiar erregimenek inboluzio demokratikoa, eskubide nazional eta sozialen ukapena eta neoliberalismoaren betikotzea soilik eskaintzen dizkigute. Etorkizun posible bat eta bakarra eskaintzen digute.
Baina euskal gazteria ez da konformista. Ez ginen erresistitzeko jaio. Irabazteko jaio ginen. Ameslari deitzen diguten arren, gure herriarentzat etorkizun hobeak irudikatzen gabiltza. Ustezko desatxikimendu politikoaren garaiotan eta kriminalizatu nahi gaituzten arren, milaka gara lantokietan, ikastetxeetan eta kaleetan alternatibaren alde borrokan gabiltzan gazteak. Gazteok badugu proposamen bat. Gazteok badugu proiektu bat. Gazteok argi dugu euskal estatu sozialista eta feministaren aldeko borroka dela bidea.
Askapen nazionala eta soziala txanpon beraren bi aldeak direla esan zigun Argalak aspaldi. Utopikoek soilik eramango genuela Euskal Herria askatasunera Telesfono Monzonek. Bada hemen badago gazteria oso bat euskal nazio askapen mugimenduaren lekukoa hartzeko prest dagoena. Independentziaren alde masiboki lerratzen dena.
Gazteok, prest gaude urrats bat aurrera eman eta herri hau ezker eskuin astintzeko. Buruntzaldean ere, azken asteotan ekimen ezberdinak egiten aritu gara; udaletxeetako bandera espainolak kendu ditugu; espainolen, kolonizatzaileen eta militarren plakak seinalatu ditugu; eta gure hizkuntzak bizi duen oldarraldia mahai gainean jarri dugu. Milaka izan dira ostegunean hezkuntza propio eta euskaldunaren alde Ikamak deitutako mobilizazioekin bat egin duten gazteak. Milaka izango gara apirilean Gazte Topagunean Abadiñoko kaleak hartuko ditugunak.
Gazte independentistak gara. Milaka gara eta are gehiago izango gara. Bultza egitea dagokigu. Eta, oro har, gure herria eta herriko gazteria defendatzea dagokigu, arduratik eta konpromezutik. Independentziaren aldeko gazte olatu berria geldiezina da.
Ekinez egingo dugu bidea. Ekinez lortuko dugu.
Gazteok independentzia!
Gora Ernai!
Gora Euskal Herria askatuta!