Hartu edo jaso eta eman, hitzokin laburbildu daiteke larunbat honetan, abenduaren 13an ospaturiko Mundualdiaren baitan, arratsalde partean Askatasuna plazan eginiko ekitaldia. Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratu ohi duen jaialdiko hitzordu estimatuena izan ohi da, harrera beroa izaten duena. Izan ere, Usurbilen bizi diren askotariko herrialdeetan jaiotako herrikideek mimo handienarekin prestaturiko jakiak dastagai jarri dituzte.
Gastronomia izan da zubi, askotariko kultura, hizkuntza eta aipaturiko sorterrietako herritarrak hartuemanetan jartzeko. Esker ona eta eskuzabaltasuna lotu dituzte, dozenatik gora postuen alde banatan ziren herrikideek. Egunerokoan herriko plazaren erdigunean ikusten ez ditugun herrikideak izan dira gaurko ardatza.
Pakistan, Sahara, Nikaragua, Nigeria, Kuba-Euskal Herria, Mauritania eta Kolonbiak ordezkaritza propioa izan dute gaurko Mundualdian, herrialdeok eta tokian tokiko gastronomiak, herrialdeotan jaio, hazi eta gure artera bizitzera etorritako herrikide eskuzabalen eskutik.
Hitzordua musikatua izan ohi da urtero; beste edizio batzuetan bezala, oraingoan ere, sortzez Argentinakoa eta egun usurbildarra den Leandro Leiva bakarlariaren ahots ederrak girotu du Askatasuna plazako dastaketa.