Herritarrak, eragileak nahiz Udala bera ordezkatua dagoen Usurbilgo Aniztasun Kontseiluak antolatzen du urtero, Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratu ohi duen Mundualdia. Aurtengoan, palestinar herriari babesa adierazteko baliatu nahi izan dute, larunbat honetan, abenduaren 13an Askatasuna plazan eginiko ekimen horren hasiera ekitaldia. "Gaur inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu, Palestinako herriaren askatasuna. Palestina askatu!", aldarrikatu du kontseiluaren izenean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, bertaraturikoen txalo artean.
Palestinarrei elkartasuna adierazteko osatu dute aurtengo ekimenen egitaraua. Horregatik, gonbidatu dituzte Gazako Sol Band taldeko kideak udalerri honetara. Gaur, Askatasuna plazara joandakoei eskainitako hitzaldi musikatuaren aurretik, beste saio bat eskaini zieten Sutegin ostiralean, bertako auditoriora joandako Udarregi ikastolako DBH 3 eta 4 mailetako ikasleei. "Hitzaldi musikatu ederraz gozatzeko aukera izan genuen. Palestinaz jardun genuen, bere historiaz, hizkuntzaz, kantugintzaz, kulturaz eta genozidioaren berri eman ziguten, biek ala biek Gazan baitute euren sorterria, familia, lagunak, herria", azaldu du Usurbilgo alkateak.
Hamarkada luzeetako "mehatxu, jazarpen, presio militar, bortizkeria, gehiegikerien" eta azken urteotako genozidioaren ondotik, Palestinak bizitzen segitzen duen egoera jasanezina tarteko, gaineratu duenez, "Euskal Herrian erakutsi dugu gure elkartasuna eta gure konpromisoa Palestinarekiko. Ez daukagu Palestina babesten jarraitu beste aukerarik, palestinar herriaren askatasuna eskatzen". Aurtengo Mundualdia horretarako baliatu nahi zutela jakinarazi du. "Horregatik, entzun dadila; genozidioa gelditu eta Palestina askatu!".
"Guztion topagunea"
Hasiera ekitaldi horretan, jakien dastaketa prestatzen duten herrikideei eskertza helarazi diete eta Mundualdiaren egitekoa nabarmendu. "Gaur, plaza honek Usurbilen bizi dugun jatorri eta kultura aniztasuna islatzen du, elkar ezagutzen eta elkar topatzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu gaurko jaialdiak. Mundualdiak, azken batean, guztion aterpe, topagunea izan nahi du".
Izan ere, "Usurbil geroz eta anitzagoa da. Gure herria aldatzen ari da, oso nabarmena da hori, errolda datuei erreparatuz gero". Jatorri desberdinetako herritar berrien kopuruak nabarmen egin du gorantz urteotan eta "ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijo eta orohar, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da gure herriarentzat".
Erronka horri heltzeko, "xenofobia eta arrazakeria nagusi diren garaiotan, nagusiki eskuin muturraren gorakadaren ondorioz, guk argi daukagu ezinbestekoa dela etorkizunera begirako oinarri sendoak ezartzea, gure herriak duen jatorri, identitate eta kultur aniztasuna onartu ez ezik balioan jartzeko eta bizikidetzarako elementu bilakatzeko".