Bezperan, Udarregi ikastolako DBH 3 eta 4 mailetako ikasleekin egin bezalaxe, haien musikaren bidez, Palestinara hurbiltzeko aukera izan da larunbat honetako, abenduaren 13ko Mundualdian. Izan ere, bertako, Gazako Sol Band musika taldeko kideak izan dira Askatasuna plazan. Bizi dutena abesti bihurtu eta plazaz plaza, munduan barrena zabaltzen ari d ira, azkenaldian Euskal Herrian.
Beste ezer baino lehen, Mundualdia abiarazi duen hitzaldi musikatu horretan, eskertza helarazi nahi izan diete bertara joandakoei, itzultzaile lanetan izan duten Bilbon bizi den palestinar baten laguntzaz. "Esanguratsua da guretzat, Palestina presente izatea edozein mugimenduren ekintza edo jaialdietan. Palestina beti presente dago Euskal Herrian".
"Kartzela handi batean gaude"
Haien bizi ibilbidea partekatu dute Askatasuna plazara joandakoekin. 90. hamarkadan jaiotakoak izanik, "begiak ireki orduko" intifada artean hazi zirela oroitarazi digute. "Bonbardaketen aurretik, okupatzaileei aurre egin behar izan genien kalean".
Testuinguru horretan, sentitutako minaren adierazpena musikatzea erabaki zuten. Ametsa zuten hori irudikatzen hasi zen abeslarietako batek, Ahmedek azaldu zuenez. Baina bidea agerikoa den moduan, ez da batere erraza izan. "2005etik itxita dago Gaza, lurrez, airez eta itsasoz. Kartzela handi batean gaude". Hori horrela izanik, ezin musikagintzan trebatu eskola batean eta bere kontutik hasi zen ikasten, abestiak sortzen, dirua aurreztu eta Egipton erositako lehen kitarrarekin. Ondo jotzen ikastean, gazatiar gehiago aurkitu eta elkarrekin taldean abesten hasi ziren.
Ordutik gaur arte, haien sorterritik kanpo abesteko duten zailtasun agerikoa hitzokin laburbildu du. "Gazatik atera nahi dutenek bidaia oso luzea egin behar dute. Gazatik irtetea erabakitzen duzunetik irteteko eguna heldu arte, hilabeteak edo batzuetan, urteak igaro daitezke".
Bertako bizimoduan dauden zailtasunak tarteko, Turkian hasi zen Palestinak bizi zuenari buruzko mezua hedatzen. Bertan ezagutu zuten elkar egun bikote diren Askatasuna plazako oholtzara igotako bi musikariek.
"Ez da ezer aldatu"
Urriko bigarren hamabostaldian, egun batetik bestera Palestinan "su-etena" martxan jarri zutela zabaldu zen mundu osoan. Hori hala dela ukatu, gezurtatu egin dute hitzaldi musikatu horretan. Izan ere, "ez da ezer aldatu, egoera orain okerragoa da. Lehen hedabideen arretagunea zegoen Gazan jarrita. Gertatzen zenaz hitz egiten zen, ikusten zen. Orain albiste gutxiago dago, baina bonbardaketek jarraitzen dute, uholdeak izan dira eta uretan itotzen". Horrez gain, Gazako bi milioi biztanleentzako bizi ahal izateko lur-eremua asko murriztu zaiela salatu dute, "bi zatitan banatu dutelako".
Erresistentzia indarrik egon ez arren, indar israeldar okupatzaileek "etxeak bonbardatzen jarraitzen dute, dena txikitzen. Horrez gain, soldaduek bonbak eta armak utzi dituzte. Umeek jolastean lehertzen dira. Hildakoak egoten segitzen dute. Lehen bezala jarraitzen du denak".
Heltzen den oinarrizko laguntzarako materiala, janaria tartean, oso urria dela ere gaineratu dute. "Kanpin-denda gehiago ez dute sartzen uzten. Ondorioz, jendeak kanpin-denda zaharrak erabiltzen segitzen du. Euri eta haizearekin dena hondoratzen da, eta kanpin-denda horien barruan ezin du bizi jendeak".
Boikotaren garrantzia
Testuinguru horretan, Israel mundu osora zabaltzen ari den gezurrak salatu dituzte. Eta Israel aipatuta, herrialde horren aurkako boikotaren garrantziaz ohartarazi gaituzte. Izan ere, "boikotaren gaia ulertzea oso garrantzitsua da. Boikot gehiago eginda, are eta gehiago kaltetzen da armada okupatzaile israeldarra".
Adibide sinple bezain gordinarekin azaldu dute hori. "Palestinar bat hiltzeko israeldarrek erabilitako balek 50 zentimoko kostua dute. Palestinaren aurkako genozidioa laguntzen duten produktuetan 50 zentimo gastatzean, palestinar bat hilko duen bala bat erosten ari zara". Ez hori bakarrik. "Beste herrialdeetan gerrak egiten dituztenak laguntzen ari gara".
Hasi bezala, eskerrak emanez agurtu dute hitzaldia. Eskerrak palestinar herria laguntzeko Euskal Herritik egindako ahaleginagatik, baita munduko herri zapaldu oro laguntzeagatik ere. "Eskerrik asko beti ondoan egon zaretelako, historiaren alde onean egoteagatik".
Gogotik musikatu dute saioa. Erresistentziari, existentziari, defentsarako eskubideari, laguntzari, babeslekuari, sorterritik urrundu beharrari eta urruntzeak eragindako herriminari abestu diote Gazako Sol Band taldekoek. Euskaraz kantatzen amaitu dute emanaldia, denen artean abesturiko Mikel Laboaren "Txoria txori" kantarekin hain zuzen.